Erremontea eta sagardoa izango dira protagonista ostiralean ospatuko den Kronikaren aldeko jaialdian

Kronika - Erredakzioa 2025ko urr. 1a, 00:00

Bailarako 16 sagardotegitatik ekarriko dugu sagardoa.

Arratsaldeko 17:00etan irekiko dira Galarretako ateak eta 17:30etan hasiko da erremonte txapelketa. Sarrerak salgai daude oriamendi.eus webgunean eta Dobera-Kronikaren bulegoan. 

 

Ostiral honetan, urriak 3, ospatuko dugu Kronikaren aldeko erremonte jaialdia. Galarreta bihurtuko dugu festaren erdigune, arratsaldeko 17:00etatik aurrera. 17:30etan hasiko da erremonte txapelketa, puntako jokalariekin. 

Arazo teknikoak medio, giza proba bertan behera gelditu da, beraz, ate irekierarekin batera hasiko da sagardo dastaketa. Urtero lez, inguruetatik ekarriko dugun sagardoa izango da protagonista. Guztira 16 sagardotegietako dastaketa egiteko aukera izango dute herritarrek, eta tragoekin batera, pintxoak ere edukiko ditugu.

Musika ere ez da faltako jaialdian, eta honen ardura izango dute Eider eta Lierni Tolosa ahizpek. Galarreta girotzeko eta belarriak goxatzeko aukera bikaina izango da!

Arratsaldeko 17:30etan hasiko da lehia. Puntako lau bikotek hartuko dute aurten ere kantxa: Barrenetxea IV eta Aiestaran VII, Apezetxearen eta Goikoetxea V.aren aurka arituko dira, eta Aldabek eta Aiestaran VI.ak, Gurrutxaga eta Zubiri izango dituzte aurrez aurre. Finala 20 tantora izango da, bi bikote garaileen artean.  

Kronika babesteko eta laguntzeko aukera eta gogoan duen herritar oro gonbidatuta dago ostiral arratsaldeko plan honetara. Gainera, bertaratzen diren herritarrek zozketatzen ditugun 4 sari irabazteko aukera ere izango dute. 

Sarrerak salgai, ostiralera arte

Jaialdirako sarrerak eskuratzeko aukera dago, oriamendi.eus webgunean zein Dobera-Kronikaren bulegoan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!