Jardunaldi borobila, Hernaniko talde nagusienentzat

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 30a, 00:00

Ohorezko Erregional taldeko mutilen taldeak eta Euskal Ligako neskek 2-0 irabazi dute Zubipen Deusto eta Bilbao Artizarrak taldeen aurka.

CD Hernaniko talde nagusiek ezin hobeto hasi dute 2025-2026ko denboraldia. Euskal Ligako neskek aurtengo bigarren garaipena lortu zuten, Zubipen, Bilbao Artizarrak taldearen aurka 2-0. Aurreko astean Anaitasunaren kontra irabazi zuten 0-2 Azkoitin.  Beraz seitik sei puntu lortu dituzte eta sailkapenean bigarren postuan daude Erandioko Betiko neskak-ekin berdinduak.

Aurreko urteko sustoa eta gero, Hernaniko mutilek ez dute arazorik nahi Ohorezko Erregional mailan eta aste honetan denboraldiko bigarren garaipena eskuratu zuten igandean, Zubipen, Deustoren aurka. Etxeko bi partiduetan hiru puntuak hernaniarren poltsikoetan geratu dira eta bigarren jardunaldian berdindu egin zuten Bergaran. Hiru jardunaldi jokatu dira oraingoz eta 7 puntu dituzte hernaniarrek. Lau talde  parekatuak daude sailkapenean puntu horiekin eta inork ez ditu hiru partiduak irabazi. Hasiera bikaina izan du CD Hernanik eta bide beretik jarraitzea da helburua. 

Jubenil Nazionaleko mutilek ere irabazi egin zuten asteburuan, jardunaldi borobila osatuz hiru talde nagusiek. Bergaran 0-1 irabazi zuten eta denboraldiko aurrenekoa poltsikoratu zuten. Denetarik ezagutuko dute oraingoz, garaipen, bedinketa eta porrot bat eta 4 punturekin bederatzigarren postuan daude.

 

Mundarrok ezin izan du  irabazi Touring-en kontra

Preferente mailan Mundarrok ezin izan zuen punturik lortu Fanderian, Touring-en kontra. Punturik gabe jarraitzen dute astigartarrek bi jardunaldi jokatuta. Astigartarrak beti joan ziren atzetik markagailuan. 2-0 aurreratu zen Touring eta nahiz eta 2-1 hurbildu moreak, penalti bidez, 3-1ekoa berehala igo zen markagailura. 73garren minutuan sartu zuen Mendiburuk bigarrena, baina ez zen markagailua gehiago mugitu. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!