Aurten ez da sagarrik falta sagastietan

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 29a, 00:00

Altzon aurkeztu zituzten aurtengo sagar uztaren datuak.

Euskal Herriko sagastirik gehienetan 6-7 milioi kiloko sagar uzta haundia espero dute aurten. Dagoeneko sagar biltzen hasi dira Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako 250 sagastietan. 

«Sagar urtea izan da». Hitz horiekin ireki zuen Unai Agirre Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren kudeatzaileak 2025eko kanpainaren aurkezpena Altzoko Ipintza baserriko sagastian. Ekitaldia leku sinboliko batean egin zen, Ipuscua hitza agertu zen lehen testu idatziaren milurtekoan, eta sektoreko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak bildu ziren bertan.

Iazko urtearekin alderatuta, uzta haundiagoa da aurten eta 6-7 miloi kilo sagar biltzea aurreikusten du Kontseilu arautzaileak. Heldutasunari dagokionean, iaz baino pixka bat aurreratuxeago dator heldutasuna, loraldia beranduagokoa izan bazen ere.

Udako gaueko beroek eragindako aurreratzea izango da seguru asko. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagastirik gehienetan espero da sagar gehiago.

Uztaren nondik norakoak azaltzeaz gain, sagarraren inguruko azterketa proiektuen berri eman zuen sektoreak eta beren apustuen berri eman zuten Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiko arduradunek.

Urtez urte geroz eta sagar gehiago ari da izaten bertako sagastietan, dauden sagastiak zaindu, garbitu eta sagasti berriak aldatu eta produkzioan sartu ahala

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!