Asteburu historikoa biziko du bailarako eskubaloiak Mundarroren eta Hernaniren neska senior taldeen debutarekin. Joan den ikasturtearen amaieran Hernani Eskubaloi Taldeko nesken senior taldeak Gipuzkoako Kopa jokatu eta bere burua gizartean aurkeztu zuen. Aurten pauso bat gehiago emango dute eta liga ere jokatuko dute Bigarren Lurralde mailan. Lehenengo partidua etzi, larunbatean izango dute, goizeko 10:00etan kiroldegian Bergararen aurka. Mundarrok bere aldetik bere historiako lehenengo partidua jokatuko du senior nesketan, 16:00etan, kiroldegian Lezoko Munttarperen aurka.
1984 eta 1997 urte artean Gipuzkoako eskubaloiaren ikur eta erakusleiho izan zen Hernaniko emakumezkoen taldea eta orain Bigarren Lurralde mailako ligara itzuliko da. Ohorezko Mailan 14 urte jarraian jokatu zituen eta Europan ere aritu zen 1986garren urtean. Hernaniko nesken senior taldeak 2002an jokatu zuen azken partidua liga batean. 23 urte pasa dira eta berriz ere kantxan izango da.
Mundarroren kasua berriz ezberdina da. Astigarragak ez du inoiz nesken senior talderik izan. Azken urteetan nesken formazio taldea mailaz igotzen joan da eta pasa den urteko jubenil taldeko jokalariak seniorretara igo dira aurten. Eskubaloian jokatzeko irrikaz, horrek ahalbideratu du Mundarrok lehenengo aldiz taldea izatea.
Hori bai, Goyo Villoriak zuzentzen duen taldea garai bateko mailatik aldenduta bestelako helburuekin arituko dira: jokalariak trebatzeko, etorkizun hurbilari begira oinarri lehiakor bat sortzeko eta ustez zaila den liga batean gerra ematen saiatzeko. Helburu berdinekin arituko dira astigartarrak
Oso talde gazteak
Hernanik eta Mundarrok izango dituzten jokalariak bere gaztetasun eta transmititzen duten ilusio haundiagatik bereizten dira. Bi taldeen bataz besteko adina ez da 20 urtera iristen, 19 urteren bueltan dabiltza. Bigarren Lurralde maila sei taldek osatzen dute: Mundarrok, Hernanik, Bergarak, Zumaiako Pulpok, Pasai Donibanek eta Lezoko Munttarpek. Lehenengo fasean denek denen aurka jokatuko dute hiru itzulitara eta martxoko lehenengo asteburuan amaituko da fase hori.