Egungo txapelduna menderatuta, finaleko txartela lortu zuen Juaneneak

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 23a, 00:00

Juaneneak bigarren aldiz jarraian gainditu du Ansa.

Partidu borobila jokatu zuen Saldiaskoak, eta 30-24 irabazi zion Imanol Ansa urnietarrari.

 

Aritz Juanenea izango da Endika Barrenetxearen aurkaria larunbatean, Buruz Burukoaren Txapelketako final haundian. Saldiaskoak merezitako garaipena lortu zuen Imanol Ansa azken egungo txapeldunaren aurka (30-24). Urnietakoa azken bi edizioetako txapelduna zen, baina ezin izango du larunbatean txapela defendatu.

Juaneneak partidu bikaina jokatu zuen hasieratik amaierara arte. Peloteoan nagusi izan zen eta taktika oso argi zuela kantxaratu zen. Ez zuen nahi Ansak ekimena eramaterik eta lehen pelotakadatik freskotasun haundiarekin eta pelotakada bikainekin eraman zuen partiduaren agintea. Bere pelotakada biziagoa zen eta Ansaren abileziak bakarrik eragin zuen norgehiagoka aurretik ez erabakitzea.

Partiduak ez zuen pelotakada askorik izan, baina bai erritmo eta kalitate haundiak. Juaneneak 22 tanto egin zituen peloteoan. Sakea ez zen erabakigarria izan finalerdian. Juaneneak lau tanto egin zituen, horietatik hiru Ansaren akatsak izan ziren errestoan. Ansak 19 tanto egin zituen peloteoan, bi pelota bakarrik huts egin zituen eta sakearekin tanto bakarra egin zuen eta bi falta. 

Finalera material aukeraketa gaur 17:00etan

Larunbateko bi finalistek, hau da, Endika Barrenetxeak eta Aritz Juaneneak, gaur aukeratuko dituzte finalerako pelotak. Hitzordua Galarretan izango da 17:00etatik aurrera.

 Juanenea: «Borobil atera da guztia»

«Egia esan, dena ongi atera zait. Kanporatua nengoen, baina Ansaren lesioak ateak ireki zizkidan, eta azkenengo Buruz Buruko txapeldunari bi partiduak irabazi dizkiot. Banekien atzean zailtasunak izango zituela Imanolek, eta estrategia borobil atera da. Hiru urtean hirugarren finala jokatuko dut, aurrenekoan ez nuen gozatu, eta aurten buru belarri aritu naiz prestakuntzan».

Ansa II: «Nekea pilatu zait eta luze egin zaizkit tantoak»

«Egun onak eta txarrak izaten dira, eta gaurkoa Aritzena izan da. Ni baino gehiago izan da kantxan. Peloteoan luze egiten zitzaizkidan tantoak, nekea pilatu zait, eta borroka konstante bat izan da. Azpirozen aurka inoizko mailarik onena eman nuen, baina gaur ezin izan dut joko hori atera. Ea maila igotzen dudan datorren urterako».

 Jabalera-Eskudero Oriamendi Txapelketako finalera

Bestetik, Jabalera eta Eskudero izango dira Goikoetxea V.aren eta Aiestaran VI.aren aurkariak larunbatean Oriamendi Txapelketako finalean, finalerdi ikusgarri batean Gurrutxaga-Apezetxea bikoteari 2-1 irabazi ondoren (15-13, 14-15 eta 8-7). Lau erremontistek ezin hobeto jokatu zuten, bere mailarik onena erakutsiz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!