Azkoititik ekarri nahi ditu aurreneko puntuak Hernanik, Euskal Ligan

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 20a, 00:00

Garaipenarekin hasi nahi dute Euskal Liga hernaniarrek.

Anaitasunaren kontra hasiko dute liga neska berdeek, gaur 16:30etan. Mutilak Bergaran ariko dira.

 

Gaur hasiko du Euskal Liga Hernaniko nesken talde nagusiak. Hirugarren denboraldia segidan izango du kategorian, 2023an igoera lortu zuenetik; eta beste pausotxo bat ematen saiatuko dira berdeak aurten: 6garren izan ziren duela bi urte, 55 punturekin; eta 9garren iaz, 56rekin.

Etxetik kanpo helduko diote erronka berriari, eta gaur bertan jokatuko dute estreinako partidua, Azkoitin: Anaitasunaren kontra ariko dira, arratsaldeko 16:30etan hasita, Txerloian. Bertatik ekarri nahi dituzte aurreneko puntuak, laburragoa izango den ligarako. Izan ere, 16 talde izango dira aurten Euskal Ligan, aurrekoetan baino bi gutxiago; eta beraz, 30 partidu jokatuko dituzte denera, maiatzera bitarte.

Mutilen taldea, bigarren garaipenaren bila Bergarara

Joan den astetik da martxan Hernaniko mutilen taldea, Ohorezko Erregional Mailan; eta liga bikain hasi ondoren, bigarren garaipenaren bila joango da Bergarara. Nesken ordu berean jokatuko dute, gaur 16:30etan Agorrosinen, Bergararen kontra. Partidu ona izango da berdeentzat, estreinako jardunaldiko sentsazio onak berretsi eta denboraldi berriari begira ilusioa pizteko.

Mundarroko mutilek ere estreinakoa, Zarkumendegin

Neska berdeek bezala, estreinako jardunaldia izango dute Mundarroko mutilek ere, asteburu honetan. Etxean jokatuko dute Erregional Preferenteko lehenengoa, gainera: Urnietaren bisita jasoko dute Zarkumendegin, gaur arratsaldeko 16:00etan.

Talde gehiagok ere ekingo diote ligari asteburuan. Hernaniko mutil jubenilek, adibidez, Athleticen kontra jokatuko dute Euskal Ligako lehenengoa, gaur 16:00etan Zubipen. Eta Ohorezko Erregionaleko neskak ere etxean ariko dira, gaur 12:15etan, Lagun Onaken kontra. Haiek bezala, martxan jarriko dira jubenil eta kadete mailako nesken eta mutilen taldeak ere, ohorezko eta preferente mailetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!