Urriaren 3an izango da Kronikaren aldeko Erremonte Jaialdia

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 20a, 00:00

Giro ederra sortzen da urtero, Kronikaren aldeko Erremonte Jaialdian.

Sarrerak 14 euroko prezioa du, eta dagoeneko Oriamendi.eus webgunean daude erosgai edota Dobera-Kronikaren bulegoan.

 

Badugu dagoeneko data! Urriaren 3an ospatuko dugu Kronikaren aldeko erremonte jaialdia Galarretan. Erremontea eta sagardoa izango dira eguneko protagonista nagusiak, bailarako herritarrekin batera. 17:00etan emango zaio hasiera jaialdiari, frontoiaren kanpoaldean egingo den giza probarekin.

Frontoi barruko burrunba 18:00etan hasiko da, ordu horretan emango baitzaio hasiera erremonte txapelketari. Puntako lau bikote ariko dira lehian: Barrenetxea IV eta Aiestaran VII, Apezetxearen eta Goikoetxea V.aren aurka arituko da. Aldiz, Aldabek eta Aiestaran VI.ak, Gurrutxaga eta Zubiri izango dituzte aurrez aurre. Bikote garaileek elkarren aurka jokatuko dute finala, 20 tantora. 

Sagardoa, jaialdiko protagonista

Denetik edukiko duen jaialdi honetan, sa­gardoa izango da prota­gonista nagusietako bat. 16 sagardotegik eskainitako sagardoa izango da aukeran, arratsalde osoan zehar: Akarregi, Altzueta, Artola, Elorrabi, Eula, Gartziategi, Goiko-Lastola, Iparragirre, Itxas-buru, Larre-gain, Lizeaga, Oialume zar, Oyarbide, Petritegi, Zapiain, eta Zelaia.

Sagardoaz gain, alkohol gutxidun edaria ere izango da aukeran, zenbait pintxorekin batera: patata tortilla, urdaiazpikoa eta porrua, eta txangurroa. 

Aurtengo Kronikaren aldeko erremonte jaialdian musikak ez du hutsik egingo, eta horren ardura hartuko dute Tolosa ahizpek. Ez egin zalantzarik giro ederraren pizgarri izango ditugula Eider eta Lierni. 

Lau saridun, zozketan

Jaialdian bertan, Kronikak zenbait sari zozketatuko ditu herritarren artean; aurreneko saria Perlarako bi sarrera eta erremonteko produktuak; bigarren saria Albaola bisitatzeko lau sarrera; eta hirugarren saria Arrauning zerbitzuaz gozatzeko 4 sarrera bikoitz. Sarrerak 14 euroko prezioa izango du, eta Oriamendi.eus webgunean daude erosgai eta Dobera-Kronikako bulegoan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!