Juanenea eta Ansa elkarren kontra ariko dira semifinalean ere

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 15a, 00:00

Datorren larunbatean hitzordua daukate berriro, Juaneneak eta Ansak.

Saldiastarrak 28-30 irabazi zion urnietarrari larunbatean, eta bosna punturekin bukatu dute ligaxka, Barrenetxearen atzetik.

Aritz Juanenea saldiastarrak eta Imanol Ansa urnietarrak joka­tuko dute Buruz Buruko Txapel­ketaren semifinala. Elkarren kontra aritu ziren larunbatean, ligaxkako azkeneko partiduan; eta Juaneneak 28-30 irabazi zuen. Emaitza horrekin, bosna punturekin bukatu dute, bigarren eta hirugarren; eta biek egin dute aurrera. Hortaz, txapelketatik kanpo geratu da Xabier Azpiroz, hiru punturekin. Finalean zain, orain arte jaun eta jabe, Endika Barrenetxea hernaniarra daukate, hiru partiduak irabazi eta 12 puntu pilatu ondoren.

Besoko lesiotik bueltan, maila onean aritu zen Ansa, pelotari nahi bezainbesteko abiadura ez eman arren. Urnietarrak 24 tanto behar zituen semifinalera sailkatzeko, eta baita lortu ere, uneren batean lanak zaildu arren. Berdinduta hasi zen partidua (9-8), baina erdialdera sei tantoko alde arriskutsua lortu zuen saldiastarrak (15-21). Orduan eman zuen bere mailarik onena Ansak: 23na berdintzea lortu zuen, eta bi tanto beranduago ziurtatu zuen semifinalerako txartela (24-24). Garaipenak, ordea, ihes egin zion. Horixe zen Juaneneak behar zuena pasea ziurtatzeko, eta hala egin zuen. Ikusgarria izan zen partiduaren bukaera, eta saldiastarrak lortu zuen 30era iristea azkenean, berak ere pasea lortzeko. Datorren larunbatean izango dira aurrez aurre berriro, finalerako txartelaren bila.

Gurrutxaga eta Apezetxea, Oriamendiko semifinalean

Larunbatean bertan jokatu zuten Oriamendi Torneoko play offa ere, bi goizuetarrek aurrez aurre: Oier Apezetxeak Gurrutxagarekin, eta Aritz Zubirik Susperregirekin. Aurrenekoak na­barmen nagusitu ziren (15-5 eta 15-4), eta erosotasunez lortu zu­ten semifinalera pasea. Jabalera eta Eskudero izango dituzte kontrario orain, eta finalean dagoeneko zain dauzkate Aitor Aiestaran hernaniarra eta Ander Goikoetxea urnietarra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!