Kontxako Bandera irabazi du Maren Etxabe hernaniarrak, Arraun Lagunaken erakustaldiarekin

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 15a, 00:00

Maren Etxabe, taldekide batekin Kontxako Bandera astintzen. Irudia: EITB

Traineru donostiarra nabarmen nagusitu zen bigarren igandeko estropadan ere, eta 17 segunduren aldearekin eskuratu du bandera preziatua, Tolosaldearen aurretik. Gizonezkoetan Oriok lortu du garaipena.

Esku-eskura zeukan Arraun Lagunak traineruak bere laugarren Kontxako Bandera, eta ez zuen hutsik egin. Are gehiago, erakustaldia eman zuen atzo ere, bigarren igandeko estropadan, eta nagusitasun haundiz eskuratu du bandera preziatua. Haren puxka bat iritsi da Hernanira ere, garaipen ederra eta festa barru-barrutik eta protagonista gisa gozatu baitzuen Ma­ren Etxabe hernaniarrak. Aurreneko igandean bezala, Arraun Lagunaken tostetan aritu zen bigarrenean ere, eta estreinakoz bizitu zuen Kontxako Bandera astintzea zer den.

17 segunduko aldearekin nagusitu da Arraun Lagunak azkenean, eta Tolosaldea izan da bigarren, Jone Pastor hernaniarra berriro tostetan zela. June Balda astigartarraren Donostiarrak laugarren bukatu du, atzo lehenengo txanda irabazita. Hibaikarekin aritu ziren Amaiur Olaiz astigartarra eta Nora Urbe hernaniarra; eta Hondarribiarekin Miren Garmendia eta Maider Perez hernaniarrak. Bosgarren eta seigarren izan ziren atzo, bi ehunenekoren aldearekin; baina azkeneko bi postuetan bukatu du­te sailkapen nagusian.

Gizonezkoetan Orio izan zen nagusi, Zierbenarekin 12 segunduko aldea lortuta. Donostiarra laugarren izan zen berriro, eta postu horretan bukatu du sailkapen nagusian. Bere tostetan aritu ziren Ander Balda eta Unai Loyarte astigartarrak, eta Iker Imaz eta Xabat Pastor hernaniarrak. Jokin Iraolaren eta Iñigo Merkaderren Getariak irabazi zu­en aurreneko txanda, bosgarren bukatzeko, baina hernaniarrek ez zuten arraunean egin atzo. Eta Imanol Muñoz hernaniarra zazpigarren izan zen San Juanekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!