Kontxako Bandera irabazi dezake bihar Maren Etxabek Donostia Arraun Lagunak traineruarekin

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 13a, 00:00

Donostiako Arraun Lagunak trainerua.

Kontxako Bandera irabazi duten beste zortzi hernaniarrei (Jose Luis eta Miguel Merkader, Jose Luis Lasarte,  Luis Goñi, Ainhoa Saizar, Arantza Arregi, Alazne Egiazabal eta Eider Barba) batu daiteke.

Maren Etxabe Donostiako Kontxako Bandera irabazten duen bederatzigarren arraunlari hernaniarra bihurtu daiteke bihar Donostiako Badian. Hori lortzeko alde polita du Etxabe partaide den Donostia Arraun Lagunak traineruak. Hamar segunduko tartea lortu zuten lehenengo jardunaldian Tolosaldea eta Orioko traineruekiko eta ezusteko galantza izango litzateke aldeari ez eustea. Juan Mari Etxabe oiartzuarrak zuzentzen dituen neskek nagusitasuna erakutsi zuten lehenengo jardunaldian. Tolosaldeak emaitzari buelta emanez gero Maren Etxabe ez, baina Jone Pastor hernaniarrak lortuko luke Hernanira banderaren zati bat ekartzea.

Hernanik ez du inoiz Kontxako Bandera irabazi. Ohorezko txandan izan zen 70garren hamarkadan eta hain zuzen ere 70garren hamarkadan irabazi zuten Kontxako bandera Jose Luis eta Miguel Merkader anaiek eta Jose Luis Lasartek, 1973an, Lasarte-Michelinekin. Getarian arituko da bihar Jose Luisen semea eta Miguelen iloba den Iñigo Merkader.

90garren hamarkadara arte itxaron behar izan zen Kontxa irabazten laugarren hernaniarra ikusteko. Luis Goñik hiru Kontxa irabazi zituen Donibaneko Arraunlariak elkartearekin 1995ean eta Oriorekin 1998 eta 2000 urteetan. Bere anaia Arkaitz bandera irabaztetik segundu bakarrera geratu zen Oriorekin 2013an, baina Arkaitzen emaztea den Arantza Arregik lortu zuen Kontxa 2015ean San Juaneko Batelerekin, Ainhoa Saizarrek bezala. Biak ere hernaniarrak nahiz eta Arregi sanjuandarra aurretik hernaniartua izan. 

2018an Alazne Egiazabalek lortu zuen arrauneko banderarik preziatuena, honek ere San Juanekin, eta azkenenoa irabazten Eider Barba izan da 2022an, Oriorekin. Gaur egun Hernanin bizi da Alain Colunga ondarrutarrak, zortzi Donostiako bandera ditu bere palmaresean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!