Elutxeta, Otsua Enea eta Gaztañaga omendu zituzten Sagardo Egunean

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 8a, 00:00

Omenaldi hunkigarria egin zieten sagardogileei.

Jendetza elkartu zen larunbatean Donostiako Plaza Berrian, XXXVIII. Sagardo Egunean.

 

Larunbatean ospatu zuten Donostiako Plaza Berrian XXXVIII. Sagardo Eguna. Urumea bailarako sagardogile eta ordezkari askok hartu zuten parte, eta horietako batzuk omenaldia jaso zuten eguerdiko ekitaldian, 65 urte egin edo sagardogintza lanak utzi dituztelako. Hain zuzen, Elutxetako Juanjo Urruzolak eta Otsua Enea sagardotegiko sendiak jaso zuten errekonozimendu hori, Gaztañaga sagardotegiko familiarekin batera. 

Gainontzean, festa eta giro ona izan ziren nagusi Donostian. Egun sargoria izan zen larunbatekoa, eta herritar ugari elkartu ziren bertan, sagardo trago frexkoekin tenperatura pixka bat jaisteko asmoz. Sagardogileen eskutik jaso zituzten tragoak eta pintxoak. Guztira, 2024ko uztako 6.000 botila inguru zerbitzatu ziren. Ohi bezala, trikitilariek eta bertsolariek girotu zuten plaza. 

Sagarra biltzen hastear daude sagardogileak

Irailaren etorrerak lana ere ekartzen du inguruko sagardotegietara. Datozen egunetan hasiko dira gehienak sagarrak biltzen, eta Euskal Sagardoatik aurtengo uztaren nondik norakoak azaldu dituzte: «Uzta haundia dago kopuruan, sagar urtea izateaz gain, euri dexente egin baitu aurtengo udaran, eta sagarrak hazteko aukera izan du. Beraz, upategiek sagarra izango dute aukeran, Euskal Sagardo desberdinak egin ahal izateko». 

Jatorri deitura, zabalkundean

Une honetan Euskal Sagardoa Jatorri Deitura zabalkunde garaian dagoela zehaztu dute: «Iparraldeko sagar eta sagardogileen sarrera eta aurreragoko Nafarroako sagar eta sagardogileen sarrera lantzen ari gara». 

Horrelako proiektu baten aurrean, ezinbestekotzat dute sagar ekoizpena «oinarria izatea», azken urteetako erronkei aurre egiteko: «Kalitatea, uzten oreka, sagar moten ezagutza, gure ingurunerako sagasti eredu desberdinen optimizazioa, generazio aldaketa, eta, nola ez, errentagarritasuna. Errentagarritasun hori garai berrietara egokitu behar da».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!