Bailarako 16 arraunlari arituko dira gaur Kontxan

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 7a, 00:00

Gaur jokatuko dute Kontxako Banderaren 130. edizioko lehenengo estropada. 11:00etan hasiko da emakumezkoen txanda, eta 12:00etan gizonezkoena.

 

Iritsi da bailarako arraunlari eta arraunzaleen egun haundienetako bat. Gaur jokatuko dute Kontxako Banderaren 130. edizioko lehenengo estropada, bertako arraunlarien presentzia nabarmenarekin. 

Goizeko 11:00etan hasiko da emakumezkoen estropada, eta bertako traineruetan Urumea bailarako zazpi arraunlari arituko dira: June Balda astigartarra (Donostiarra); Amaiur Olaiz astigartarra eta Nora Urbe hernaniarra (Hibaika); Miren Garmendia eta Maider Perez (Hondarribia); Jone Pastor hernaniarra (Tolosaldea); eta Maren Etxabe hernaniarra (Arraun Lagunak). 

Gizonezkoen txanda, berriz, eguerdiko 12:00etan izango da. Bertan ere arraunlari dexente izango dira Urumea bailarako herrietakoak; bederatzi, hain zuzen: Jokin Iraola eta Iñigo Merkader hernaniarrak (Getaria); Imanol Muñoz 'Txiribi' hernaniarra (San Juan); Ander Balda, Unai Loyarte eta Markel Zapiain astigartarrak, eta Iker Imaz, Jon Iruretagoiena eta Xabat Pastor hernaniarrak (Donostiarra). 

Gaurko egunez herritar askoren plana izango da Donostiako giroaz gozatzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!