Gazako genozidioa salatzeko gaur, kazerolada udaletxe guztien aurrean

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 5a, 00:00

19:00etatik aurrera astindu behar dira zartagiak eta kazuelak, txistu soinuarekin batera.

 

Gazako genozidioaren aurrean eta egoeraren larritasunaren aurrean, Gernika Palestina ekimenak kazeroladak proposatu ditu Euskal Herri osoan gaur, ostiralean, 19:00etan, udaletxe guztien aurrean. «Gizarte eragile guztiei, eta euskal gizarteari oro har, dei egiten diegu Palestinari elkartasuna adierazten eta justiziaren eta bakearen alde egiten jarrai dezaten». Beraz prest zartagina, kaxuela eta txistuak. 19:30ak arte iraungo du burrunbak.

«Zentzu honetan, Gernika-Palestinaren ekimenak babestu izan dituzuen eragileoi, ekimen berri honetan atxikitzera deitzen zaituztegu», diote ekimenetik.

Bestetik, aipatu egoeraren aurrean, Gernika-Palestinatik harreman bira bat zabalduko dute datozen aste-hilabeteotan erantzun bateratuaren artikulazioan urrats berri bat emateko.

Palestinako herriaren aurkako genozidioa gogortu egin da. «Gazako azpiegitura guztiak sistematikoki suntsitu ondoren, Israelek jarraitzen du palestinar herritarrak sarraskitzen eta, gainera, gosez eta egarriz hiltzen, erortzear dauden ospitaleei sistematikoki erasotzen eta genozidio hau munduari transmititzen dioten komunikabideetako ehunka langile hiltzen».

«Israel eta Benjamin Netanyahu berehalako su-etena aldarrikatzera, negoziazioaren bideari ekitera, Gazatik erretiratzera, premiazko laguntza humanitarioa ez oztopatzera eta desnutrizioaren aurka borrokatzeko eta gutxieneko bizi-baldintza duinak ziurtatzeko azpiegiturak berreraikitzera behartzeko unea da», azpimarratzen du Gernika-Palestina ekimenak.

Helburua argia da, ahalik eta Euskal Herriko txoko gehienetara Palestinako herriarekiko elkartasuna zabaldu, eta Israelekiko harreman guztiak eteteko deialdiarekin batera genozidioa amai dadila aldarrikatzea.

Azken ekimenen artean oihartzun haundiena Espainiako Vueltan eginiko protestek izan dute. Bilboko etapa geldiarazi zuten herenegun Israel taldearen partehartzearen aurka.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!