Jabetze Eskolak hamahiru ikastaroko eskaintza aurkeztu du emakumeentzako

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 5a, 00:00

Jabetze Eskolak 20 urte bete ditu eta ekainean izan zen urteurren festa Kulturarteko Plaza Feministan.

Emakume zaintzaileek euren burua zaintzera zuzendutako ikastaroa eskainiko da lehenengoz.

 

Hernaniko emakumeentzako Jabetze Eskolak aurkeztu du aurtengo udazkenerako prestatu duen programazioa, Berdintasun sailaren eskutik. Izen-ematea datorren asteazkenean, irailaren 10ean, irekiko da, hilaren 24ra arte.

13 ikastaroko eskaintza izango da, urtetako ibilbidea egin duten ikastaroekin eta nobedadeekin osatua. Jabetze Eskolaren filosofia eta helburuekin bat egiten dute ikastaro guztiek: «Hernaniko Jabetze Eskola hausnarketarako eta formaziorako topagunea da. Emakumeok geure eskubideen jabe egiteko, gure bizitzetan autonomia eta konfiantza izateko eta beste emakumeekin sareak sortzeko espazioa. Emakumeon ahalduntze prozesuan eragiteko, gure errealitatea ikuspegi feministatik aztertuko dugu eta errealitate hori aldatzeko tresnak eskuratuko ditugu, jendarte bidezkoago baterantz urratsak emateko».

Aurten, emakume zaintzaileei zuzendutako eskaintza berezia egin da. Kontxi Lopez Soriak gidatuko ditu saioak, profesionalki edo bestela zaintza lanetan aritzen diren emakumeei zuzenduak. «Gure burua ongi zaintzen eta maitatzen ikastea» izango da talde egonkor honen helburua. Ikasturte osoko eskola izango da.

 

Programazioaren erdia, berrikuntza

Eskaintzaren ia erdia berria izango da. Hain zuzen ere, ikasturte osoko bi ikastaro berri izango dira eskaintzan: Jenny Perlazarekin gorputza eta bihotza mugitzekoa eta idazketa sortzaile tailerra.

Nobedadeen artean, ikastaro laburrak ere izango dira: DJ ikastaroa, sasi-garbitzeko makina eta motozerra erabiltzeko ikastaroa eta, sormena eta artelan-eskulan esperimentazioa. Urriaren 23an, Sexua erromaniko garaian hitzaldia eskainiko du Isabel Mellen historialari arabarrak.

Urte osoko eskaintzan aurreko urteetan ere eskaini izan diren lau ikastaro izango dira: batukada feminista, twerk, munduko emakumeen literatura eta, Zure barrura begiratu eta hartu arnasa. Elkarrekin abentura asteburupasa ere izango da urrian.

 

Zaintza zerbitzua eskainiko da ikastaroetan

Izen-ematea Kulturarteko Plaza Feministan bertan edo online (www.hernani.eus/emakumeentzako-jabetze-eskola) egin beharko da hilaren 10etik 24ra.

Ikastaroetan zaintza zerbitzua behar izanez gero, izena emateko garaian eskatu beharko da. Ikastaroei buruzko informazio osatua eta xehetasunak Emakumeentzako Jabetze
Eskolaren eskuorrian (etxeetara banatua),
www.hernani.eus-en edo Kulturarteko Plaza Feministan eskuratu ahal izango da.

 

Goiz Eguzki eta Ederlezi emakumeen abesbatzak, Leokako labaderoan, 26an

Jabetze Eskolen ikasturte berriari ekiteko, Leokako labaderoan ekitaldia izango da. Oraingo honetan, emakumeen ahotsak izango dira protagonista, Goiz Eguzkiko emakumeen eta Donostiako Emakumeen Etxeko Ederlezi abesbatzen kontzertuarekin. Ixiar Zubimendik eta Bettina Aragonek gidatutako bi abesbatzak emakumeek osatzen dituzte. Saioa hilaren 26an, ostirala, izango da, 22:00etan. Euria eginez gero, astebete atzeratuko litzateke kontzertua.

 

Astigarragan ere izenematea irekita dago

 

Emakumeon Etxean presentzialki edo webgune bidez egin daiteke.
 

Astigarragako Emakumeon Etxea martxan dago dagoeneko eta ikasturte berriarekin, udazkeneko Jabetze Eskolen programa zabaltzen dabiltza. Izena emateko azken eguna irailaren 19a izango da. Online astigarragakoemakumeonetxea.eus webgunearen bidez edo Emakumeon Etxean presentzialki eman daiteke izena. Irailaren 19a igarota, interesik izanez gero Emakumeon Etxearekin jarri daiteke kontaktuan.

 

Udazkeneko festa hilak 19an

Ikasturteari hasiera emateko udazkeneko festa antolatuko da Emakumeon Etxean. 17:30etan hasita Batukada tailerra, gazte feministen baterajotzearen aurkezpena eta bertso afari-merienda izango dira. Aissa Intxausti, Maddi Aiestaran eta Maider Arregi ariko dira bertsotan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!