Maialenek 17garren amaitu du Kontxako sailkapen estropada

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 4a, 00:00

Hernaniko neskak irteerako unean.

Urtean zehar eman duen maila erakutsi zuen Hernaniko traineruak eta denboraldiari itxi du.

 

Hernaniko Maialen traineruak hamazazpigarren amaitu zuen Kontxako sailkapen estropada 13:01eko denborarekin. Atzetik Galiziako Ligako lau ontzi utzi zituen eta esperotako emaitza lortu zuten hernaniarrek. Itsaso zakarrean aritu ziren lehian 21 traineruak eta nahiz eta Hernaniko trainerua Kontxan izango ez den, iraileko bi lehenengo igandeetan, sailkatutako ontzietan arituko dira hernaniarrak eta astigartarrak arraunean. Oriok izan zen aurrena sailkapenean (11:42) eta beraiekin batera sailkatu ziren Tolosaldea (11:49), Donostiarra (11:53), Hibaika (12:00), Hondarribia (12:03), Astillero (12:04) eta Zumaia (12:06). Zarautzek 12 minutuko denbora egin zuen, baina epaileek hamar segunduko isuna jarri zioten estatxa lehenago askatzeagatik. Bederatzigarren postuan geratu zen Juanjo Etxarte hernaniarrak zuzentzen duen trainerua.

Beraz Kontxan izango dira bailarako sei arraunlari: June Balda astigartarra Donostiarrarekin; Hibaikarekin Amaiur Olaiz astigartarra eta Nora Urbe hernaniarra; Hondarribiarekin Miren Garmendia eta Maider Perez hernaniarrak; Tolosaldearekin Jone Pastor hernaniarra.

Gaur mutilen txanda izango da, 18:00etan, hasita.

 

Irailaren 11n arraunean hasi nahi duenak klubera hurbildu daiteke

Denboraldia amaitu dute seniorrek, baina klubean ez dago atsedenik. Datorren irailaren 11n, gaur zortzi, emango zaio hasiera datorren denboraldiari. Entrenamenduen lehen eguna izango da eta arraunean hasi nahi duenari dago zuzendua. 18:30etan jarri du Hernani Arraun Elkarteak hitzordua alebinentzat (2014 urtekoak), infantilentzat (2012-2013), promesentzat (2010-2011) eta jubenilentzat (2008-2009), baita arraunean hasi nahi duen edonorentzat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!