'Maialen' eta bailarako arraunlari ugari, zita garrantzitsuari begira

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 2a, 00:00

'Maialen' traineruko arraunlariak, lanean. Argazkia: Jose A. Rodriguez

Kontxako Banderaren sailkatze estropadak jokatuko dira bihar eta etzi, arratsaldeko 18:00etan, Donostian.

Irailean sartu gara eta, arraunari dagokionean, egun haundien sinonimo izaten da hori. Ez da salbuespena aurtengoa: urteko zita garrantzitsuenari begira dira Hernaniko 'Maialen' trainerua, eta beste talde batzuetan ari diren arraunlari urumearrak. Kontxako Banderaren sailkatze estropadak jokatuko dira bihar eta etzi, eta datozen bi igandeetan izango da bandera preziatuaren lehia.

Emakumezkoen traineruen txanda izango da biharkoa, arratsaldeko 18:00etan hasita, Donostiako Kontxako badian. Hernani eta beste 20 traineru ariko dira lehian, zazpi plaza lortzeko. Zortzigarrena dagoeneko ziurtatuta dauka Arraun Lagunakek, Maren Etxabe hernaniarra tartean dela, aurtengo arau aldaketarekin: Euskotren Ligako lehenengo talde donostiarra izan da, eta hortaz, aurten aurrenekoz sailkatze estropadan aritu beharko du Donostiarrak, June Balda astigartarra tostetan dela. Beste hainbat taldetan ere ariko dira bailarako arraunlariak. Besteak beste, Hibaikarekin ariko dira Amaiur Olaiz astigartarra eta Nora Urbe hernaniarra, Hondarribiarekin Miren Garmendia eta Maider Perez hernaniarrak, eta Tolosaldearekin Jone Pastor hernaniarra.

'Maialen' traineruak ilusioz helduko dio estropadari, «berezia eta ezberdina» baita haientzat. «Liga bukatuta, arraunlariak gustura ari dira entrenatzen, eta taldea oso animatuta dago», aitortu du Asier Ocon entrenatzaileak: «Urduritasuna menpean hartu, eta gure estropada egitea lortzen badugu, emaitza polita lortuko dugu». Gainera, dei berezia luzatu die Hernaniko arraunzaleei: «Gonbidatu nahi zaituztegu sailkatze estropadaren aurretik eta ondoren 'Maialen' traineruaren ingurura hurbiltzera, Portaletas ondora. Nahi duenak aukera izango du trainerua bertatik bertara ikusi edota arraunlariekin argazkiak ateratzeko. Eskertuko dute jendearen berotasuna».

Gizonezkoek, berriz, ostegunean jokatuko dute sailkatze estropada, 18:00etan. Donostiarrak dauka txartela ziurtatuta, bailarako sei kiderekin: Ander Balda, Unai Loyarte eta Markel Zapiain astigartarrak, eta Iker Imaz, Jon Iruretagoiena eta Xabat Pastor hernaniarrak. 

Beste zazpi plazen lehian ariko dira 21 traineru, bailarako arraunlariak ere tarteko direla. Esate baterako, Getariarekin ariko da Jokin Iraola hernaniarra, Ondarroarekin Ivan Lopez hernaniarra, eta Pasai Donibanerekin Imanol Muñoz hernaniarra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!