Endika Barrenetxeak nahikoak ditu 17 tanto azken partiduan Buruz Buruko finalera zuzenean sailkatzeko

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 1a, 00:00

Endika Barrenetxea finaletik oso gertu dago, Ansa garaitu eta gero.

Ansa II.ak eskuineko besoan lesioa izan zuen 15-13 galtzen ari zenean, eta erretiratu egin behar izan zuen. Garaipena 30-13koa izan zen hernaniarrarentzat eta zortzi puntu ditu sailkapenean, Ansak berriz hiru puntu.

 

Ansa II.ak lesioa izan zuen larunbatean eskuin besoan, trizeps eta bizkarraren artean, 13-15 galtzen ari zela Barrenetxea IV.aren aurka eta Buruz Buruko Txapelketako ligaxkako laugarren partidatik erretiratu behar izan zen. Ondorioz, partiduaren azken emaitza 30-13koa izan zen hernaniarrarentzat. Emaitza honek Endika Barrenetxea finaletik oso gertu utzi du. Nahikoa du azken partiduan, Azpirozen aurka 17 tanto egitea. Hernaniarrak zortzi puntu ditu sailkapenean, hiruna punturekin berdinduta daude Ansa II.a eta Azpiroz eta Juaneneak puntu bakarra du. Azken bi partidek erabakiko dute finalista, finalerdia eta erremontista kanporatua zein izango den. Aukerak anitzak dira.

Ansa II.aren lesioa 5-10 galtzen ari zenean gertatu zen, baina borrokan jarraitu zuen, nahiz eta ez zuen pelota berdin astintzen. Dena den, 10-11, 12-13, 13-14 tantora hurbildu zen, baina 13-15ekoarekin markagailuan erretiratu zen. 

Partidu zoragarria izan zen ordura arte. Bi pelotariek ondo jokatu zuten eta erritmoa, jokaldiak, pelotakada onak eta joko ona izan zituen.

Apezetxea garaile, goizuetarren arteko lehian

Jaialdiko hirugarren partiduan, Oriamendi Txapelketan, Gurrutxagak eta Apezetxeak 2-1 (8-15, 15-13 eta 8-3) irabazi zieten Susperregi eta Zubiriri. Gorriak erraz nagusitu ziren lehenengo setean, baina ederki erreakzionatu zuten urdinek hurrengo bietan. Bigarrenean atzetik aurrerako bidea egin zuten eta set erabakiorrean hutsegiteek Susperregi eta Zubiri kondenatu zituzten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!