Apezetxeak Antiguoko txapela nahi du Zumaian finala galdu eta gero

Kronika - Erredakzioa 2025ko abu. 30a, 00:00

Beñat Apezetxea eta Eñaut Lizeaga Antiguoko semifinalean.

Goizuetarrak eta Carmelo Lozak gaur eguerdian jokatuko dute Antiguon finala, Xabier Rekalderen eta Unax Apeztegiaren aurka.

 

Beñat Apezetxea goizuetarrak gaur Antigoko Torneoko finala jokatuko du, Carmelo Loza errioxarrarekin batera, Xabier Rekalderen eta Unax Apeztegiaren aurka. Pasa den asteazkenean bailarako pelotarien artean jokatu zen finalerdian, Apezetxeak eta Lozak 22-8 garaitu zituzten Eñaut Lizeaga astigartarra eta Aingeru Bernaola. Gorriak jaun eta jabe izan ziren eta Apezetxeak erritmo bizia jarri zuen hasieratik. 11-0ko partzialarekin hasi ziren irabazten, eta semifinala berehala erabakita utzi zuten. Gaurko finalak 11:00etan hasiko dira eta nagusiena jaialdiko hirugarrena izango da.

Beñat Apezetxeak Zumaiako arantza atera nahiko du. Ostegun gauean jokatu zuen Dinastia Etxabe txapelketa garrantzitsuko finala, Endika Santestebanekin bikote osatuz. 22-10 galdu zuten Unai Amianoren eta Unax Landaren kontra. Amiano eta Landa ziren faboritoak eta pronostikoa bete zuten.  

 

Apaolazak bihar finala, Abuztuak 31ko txapelketan

Bestetik, bihar Trinitate plazan finala jokatuko du Xabier Apaolaza hernaniarrak. Alde Zaharra klubeko Atxarekin osatuko du bikote, Sasianen eta Arangurenen kontra. Finalak 17:00etan hasiko dira eguraldiak laguntzen badu eta seniorren finala jaialdiko hirugarrena izango da, kadeteena eta jubenilena amaitu eta gero. Apaolaza-Atxa bikoteak finalerdia 22-12 irabazi zuten Egiguren eta Goibururen aurka. Hernaniko Salaberria zen jokatzekoa, baina ezin izan zuen lehiatu eta Egigurenek ordezkatu zuen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!