Finalerako pase zuzena lortu dute Aitor Aiestaran hernaniarrak eta Ander Goikoetxea urnietarrak, Oriamendi Txapelketan. Ligaxkako bere azkeneko partidua jokatu zuten larunbatean, Paulo Aiestaran hernaniarraren eta Ibai Martirena lekunberriarraren kontra; eta bi jokotan nagusitu ziren, 15-11 eta 15-12. Hori horrela, sailkapeneko aurreneko postua ziurtatu dute, beste lau bikoteek oraindik azkeneko partidua jokatu behar duten arren: beraiek 11 puntu dauzkate, eta bigarren bikoteak 6 puntu.
Kontrara, zaildu egin zaie txapelketan aurrera egiteko aukera Paulo Aiestarani eta Martirenari, baina haien esku dago. Sailkapeneko azkeneko postuan daude oraindik, 4 punturekin; eta garaipena beharko dute azkeneko partiduan, final laurdenetarako txartela eskuratzeko, hirugarren eta laugarren sailkatutako bikoteek jokatuko dutena. Bigarren bikotea finalerdietara sailkatuko da. Une honetan Aimar Jabalera eta Aritz Eskudero dira bigarren, 6 punturekin; eta 5 punturekin berdinduta daude bi goizuetarrak: Oier Apezetxea, Urtzi Gurrutxaga lagun duela; eta Aritz Zubiri, Ugaitz Susperregirekin.
Parekatua izan zen larunbateko partidua, Aiestaran anaiek elkarren kontra jokatu duten aurrenekoa. Lehenengo jokoan, aurretik izan ziren Aiestaran VII.a eta Martirena, baina 11na berdindu zuten Goikoetxea V.ak eta Aiestaran VI.ak, eta hobeto aritu ziren azkeneko tantoetan. Bigarren jokoa, berriz, oso berdindua izan zen hasieratik, baina 12nako berdinketaren ondoren, Martirenaren akatsek kontrarioei eman zieten garaipena.
Xabier Azpirozek, banakakoan bizirik jarraitzeko garaipena
Oriamendi Txapelketako partiduaren ondoren jokatu zen larunbateko estelarra, Buruz Buruko Txapelketari zegokiona. Eta Xabier Azpiroz izan zen finalerdietara sailkatzeko aurrerapauso haundia eman zuena. Uitziarrak 30-24 menderatu zuen Aritz Juanenea saldiastarra, partidu hasiera zailari buelta emanda.
Izan ere, Juanenea nagusitu zen aurreneko zatian, eta 10-4 aurreratu zen markagailuan. Orduan hasi zen bere maila onena ematen Azpiroz, eta 12na berdindu bakarrik ez, tarte erabakigarria lortu zuen, 14-18 eta 17-22 aurreratuta. Hortik aurrera, aldeari eutsi zion uitziarrak (20-25 eta 23-28), garaipena lortzeko. Azkeneko tantoetara hobeto iritsi zen fisikoki, eta akats gutxiago egin zituen peloteoan. Ez zen erritmo bizi-biziko partidua izan, pelota ondo kokatzea bilatu baitzuten bi erremontistek. Sakea ere ez zen izan erabakigarria oraingoan. Alderantziz, tanto gehiago lortu zituzten errestotik, saketik baino.
Gauzak horrela, orain hiru puntu dauzka Azpirozek sailkapenean, eta bakarra Juaneneak. Laurekin berdinduta daude Endika Barrenetxea hernaniarra eta Imanol Ansa urnietarra, eta datorren larunbatean haien artekoa irabazten duenak, ia ziurtatuta izango du finalerako txartela, ligaxkako azkeneko jardunaldiaren faltan.