Azpirozek Juanenea gainditu behar du, txapelketan bizirik jarraitu nahi badu

Kronika - Erredakzioa 2025ko abu. 23a, 00:00

Juanenearen eta Barrenetxearen arteko azken partidua Galarretan.

Lehenengo jardunaldiko bi galtzaileak elkarren aurka ariko dira gaur, 16:30etan Galarretan.

Buruz Buruko Txapelketaren ligaxkako hirugarren partidua jokatuko da gaur Galarretan, 16:30etan hasiko den jaialdian. Bertan, lehenengo jardunaldiko bi galtzaileek neurtuko dituzte indarrak. Aritz Juaneneak eta Xabier Azpirozek jokatuko dute, nafarren arteko partiduan.

Azpirozentzat hil ala bizikoa izango da partidua. Ligaxkako azkeneko sailkatua geratuko da txapelketatik kanpo, eta berak 'egurra' jaso zuen lehenengo partiduan, Imanol Ansaren kontra 30-8 galduta. Beraz, puntu negatiboa du sailkapenean. Juaneneak ere erraz galdu zuen estreinakoa Barrenetxea IV.aren aurka (30-18), baina berak ez zuen puntu negatiborik pilatu.

Hori horrela, gaur Juaneneak irabaziz gero 4 puntu izango lituzke sailkapenean, eta Azpirozek, kasurik onenean, puntu bakarra. Hala izatekotan, azkeneko jardunaldiaren faltan bizirik jarraituko luke Uitziko atzelariak, baina aukera oso gutxirekin, eta miraria beharko luke sailkatzeko. 

Hori bai, kontrako kasuan, gaur irabaziz gero pauso polita emango luke Azpirozek sailkatzeko bidean, baina bere aukerei eutsiko lieke Juaneneak, markagailua eta puntuen batuketa nolakoa den arabera. Bi puntu lortuz gero (27-29 tanto eginda), Azpirozengandik puntu bakarrera geratuko litzateke, sailkatzeko aukera zabalekin. Partiduaren amaierako markagailuaren arabera jakingo dira batzuen eta besteen aukerak.

Gaur zortzi amaituko da bigarren jardunaldia, Ansaren eta Endika Barrenetxea hernania­rraren arteko partiduarekin. Ho­ri irabazten duenak finalerdieta­rako sailkapena ziurtatuko du, eta agian finalerakoa ere bai. 

 

Aiestaran anaien arteko partidua jokatuko da gaur Oriamendi Txapelketan

Bestetik, gaurko jaialdiko lehenengo partidua Oriamendi Txapelketari dagokiona izango da, eta bertan Aiestaran anai hernaniarrak bata bestearen aurka lehiatuko dira. Paulo Aiestaran aurrelariak Martirenarekin jokatuko du, eta Aitor Aiestaran atzelariak Goikoetxea V.arekin. Aiestaran anaiek lehendabiziko aldiz neurtuko dituzte indarrak aurkari moduan. Paulo Aiestaranek urtarrilean debutatu zuenetik, lau partidutan aritu dira elkarrekin, baina inoiz ez bata bestaren kontra. 

Gainera, asko izango dute jokoan. Goikoetxeak eta Aiestaran VI.a, 2-0 irabaziz gero zuzenean sailkatuko dira Oriamendi Txapelketaren finalera. Aldiz, Aiestaran VII.ak eta Martirenak irabazten badute, ligaxkako sailkapena asko estutuko da.

Ligaxkako bi partidu dauzkate jokatzeko Paulo Aiestaranek eta Martirenak, oraindik ere; eta bere azkeneko partidua dute gaurkoa Goikoetxeak eta Aitor Aiestaranek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!