Beñat Apezetxea eta Eñaut Lizeaga aurkariak, Antiguoko semifinalean

Kronika - Erredakzioa 2025ko abu. 22a, 00:00

Beñat Apezetxea pasa den asteazkeneko partiduan.

Goizuetarrak eta Lozak 22-20 garaitu dituzte Zubizarreta eta Landa eta B multzoan aurrenak amaitu dute.

 

Bailarako pelotarien artean jokatuko da, Antiguoko Torneoan, nagusien mailako finalerdietako bat. Beñat Apezetxea goizuetarrak eta Carmelo Lozak (Barberito I) 22-10 garaitu zituzten Beñat Zubizarreta (Lapke) eta Unax Landa (Oiarpe) eta emaitza horri esker lehenengo postuan amaitu dute ligaxka B multzoan, finalerdietara sailkatuz. Semifinala abuztuaren 27an, asteazkenean, jokatuko da 18:30etan hasiko den jaialdian eta aurkariak Eñaut Lizeaga astigartarra eta Aingeru Bernaola (Mañaria) izango dituzte. Hauek bigarren amaitu dute A multzoan. Beste finalerdia abuztuaren 26an, asteartean, izango da, baina ez da bailarako pelotaririk izango. Rekalde-Apeztegiak (Txumuluxueta-Oberena), Fernandez-Sotil (San Cosme-Larraun) izango dituzte aurrez aurre.

 

Dinastia Etxabe Torneoan Apezetxea bart gauean zen finalerdia jokatzekoa

Apezetxeak eta Lozak hamaika tanto egitea nahikoa zuten sailkatzeko eta berehala lortu zuten helburu nagusia. Horrekin konforme ez, eta partidua ere irabazi zuten. Umore Onako aurrelaria aurrerapausoak ematen ari da azken hilabeteetan eta denek azpimarratzen dute erasoan izandako hobekuntza. Partiduko pelotaririk onena izan zen goizuetarra.

Gainera bart gauean, Dinastia Etxabe Torneoko finalerdia jokatu zuen Zumaian. Beñat Apezetxeak eta Endika Santesteban (Irurtzun), Bingen Beitia (Joko Alai) eta Oier Elorz (Upo Mendi) bikotearen aurka jokatzekoak ziren. Dagoeneko Unai Amiano eta Unax Landa finalerako sailkaturik daude eta finala abuztuaren 28an izango da. Goizuetarrak bertan egotea espero du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!