Enaitz Goñik laugarren aldiz segidan lortu zuen garaipena Paseo Berriko Itsas Zeharkaldian, pasa den ostiralean, abuztuaren 15ean. Aurten 55garren edizioa jokatu zen, eta Goñik 35 minutu eta 39 segundu behar izan zuen 2.959 metroko ibilbidea osatzeko, Zurriolako eta Kontxako hondartzen artean. Hiru minutura iritsi zen Erik Garcia errioxarra, bigarren sailkatua. Astigarragan bizi den igerilari hernaniarrak 2022an lortu zuen lehenengo garaipena. 2020an eta 2021ean bertan behera geratu zen zeharkaldia, pandemiaren eraginez. Luis Goñik hirutan eta Peru Alfarok bitan ere irabazi dute proba, aurretik.
Palmaresean, errekorra Jaime Cortazar arabarrak (1948, 1949, 1950, 1952 eta 1954) eta Daniel Barrio errioxarrak (2000, 2002, 2003, 2004 eta 2005) daukate, biek ere bost garaipenekin.
Aurtengo edizioan, guztira bailarako 13 igerilarik hartu zuten parte, 400 partehartzaile izan zituen zeharkaldian. Eider Estibariz hernaniarra bosgarren izan zen emakumezkoen sailkapenean, eta Iñigo Goñi 17garren gizonezkoetan.
Bigarren izan zen Enaitz Goñi Txingudiko zeharkaldian
Horren aurretik, abuztuaren 9an, Txingudiko 19garren zeharkaldia jokatu zen Hondarribian, 2.600 metroko distantzian; eta Enaitz Goñi bigarren izan zen, Haigor Aranguren donostiarraren atzetik, hiru segundura. Elkarrekin iritsi ziren hondartzara, eta azken metroetan aurreratu zitzaion Aranguren. Zeharkaldi berean, Eider Estibarizek laugarren postua lortu zuen emakumezkoetan, laugarren izan zen Luis Goñi ere gizonezkoetan, eta 13garren Arkaitz Goñi.