Egun berezia izango da gaurkoa Aranon eta Astigarragan. San Rokeko ospakizunak egingo dituzte bi herrietan, musikaz betetako proposamen erakargarriekin.
Aranoarrak 10:15etan abiatuko dira herriko plazatik. Bertatik txistularien erritmora joango dira San Roke ermitara, eta meza eskainiko dute bertan. Bukatzen denean, hamaiketakoa egingo dute ermitaren kanpoaldean, eta kalejiran itzuliko dira Kontzejupera.
14:30ak aldera herri bazkari baten bueltan elkartuko dira, eta 17:00ak aldera 'Agur Jaunak eta Andreak' abestiaren doinuarekin amaituko dute festa eguna.
Santiomendi, festaren erdigune
Atzoko egun haundiaren ondoren, gaurkoan ere Santiomendin elkartuko da jendea. 11:00tan hasiko da meza ermitan, eta musikariak izango dira ondoren protagonista nagusiak: 12:00etan Astigar elkarteko dantzariak eta Txirrisklako txistulariak arituko dira, 13:00etan 3tturen kontzertua hasiko da eta 17:00etan Ken Bat taldea arduratuko da dantzaldia girotzeaz.
SAN ROKE EGUNA ARANO GAUR 10:15 Txistularien kontzentrazioa Aranoko plazan. 10:30 Txistularien irteera San Roke ermitara. 11:00 Meza San Roke ermitan, santuaren omenez. 11:45 Meza bukatzen denean, pikoteoa eta hamaiketakoa izango da ermitaren aldamenean. Ondoren, kalejira herrian. 14:30 Herri bazkaria Kontzejupean eta omenaldia Modesto Lasa Sarasolari. 17:30 Festaren amaiera 'Agur Jaunak eta Andreak' abestiaren erritmora. ASTIGARRAGA GAUR 11:00 Meza. 12:00 Astigar elkarteko dantzariak eta Txirrisklako txistulariak. 13:00 3ttu Astigarragako erromeria taldearen kontzertua. 14:00 Bazkari herrikoia. Txartelak Ikatza tabernan salgai. 17:00 Dantzaldia Ken Bat taldearekin. |