Festaz eta jardueraz betetako asteburua izango da Urumea bailaran. Goizuetan ez ezik, Aranon eta Santiomendin ere badago zer ospatua.
Gaur bertan hasiko dira Santiomendiko jaietako egitarauko jarduerak. Gaueko 22:00etan jokatuko dute Mus Txapelketa. Bigarren edizioa izango da aurtengoa, eta izenematea partiduak hasi baino orduerdi lehenago zabalduko dute. Ermitaren aldamenean jarriko duten karpan jokatuko dituzte mus partiduak.
Egun haundia, ordea, biharkoa izango da. Goizetik gauera festa giroak ez du etenik izango Santiomendin. Nabarmentzeko jardueren artean, eguerdiko 12:00etan Zerainen eta Mixiyuaren arteko zaldi dema ikusteko aukera izango da, eta arratsaldeko 18:00etan Santiomendi inguruko gazteen arteko herri kirol desafioa jokatuko dute.
Gaua luzatzeko aukera ere izango da bertan, trikitilariek girotutako afariarekin eta 3ttu erromeria taldearen kontzertuarekin.
San Roke eguneko ospakizunak, Aranon eta Astigarragan
Larunbatean San Roke eguneko ospakizunak egingo dituzte Aranon eta Astigarragan. Aranoarrek 10:15etan jarri dute hitzordua plazan. Bertatik txistularien erritmora joango dira San Roke ermitara, eta meza bukatzean hamaiketakoa egingo dute bertan. 14:30ak aldera herri bazkari baten bueltan elkartuko dira, eta 'Agur Jaunak eta Andreak' abestiaren doinuarekin amaituko dute festa.
Astigarragan ere antzekoa izango da plana. 11:00tan hasiko da meza Santiomendiko ermitan, eta musikariak izango dira ondoren protagonista nagusiak: 12:00etan Astigar elkarteko dantzariak eta Txirrisklako txistulariak arituko dira, 13:00etan 3tturen kontzertua hasiko da eta 17:00etan Ken Bat taldea arduratuko da dantzaldia girotzeaz.