Nekatur Euskadiko landa ostatuen elkarteak, uda honetarako erreserben eta estantzien azterketa bat egin du, eta emandako datuen arabera, «abuztuan, elkarteko ostatuetako okupazioaren ehuneko erreala %71,11koa da, azken orduko erreserbarik ezean». Era berean, gaineratu du, datu hori azken urteotako onena dela: «2021eko abuztuan lortutako %72,61era hurbiltzen da. Uda hartan, COVIDaren murrizketek errekorra ezarri zuten landa-turismoan».
Santio eguna ospatu zen zubian, «benetako okupazioa» %80koa izan dela dio Nekaturrek, Euskadi mailan: «%100ekoa Gasteizko eskualdean, %94koa Enkarterrikoan eta % 99koa Oarsoaldekoan. Datorren San Inazio zubiak, berriz, %72ko okupazio portzentaia eskaintzen du uztailaren 28ko datan (%85 Aiala eskualdean, %89 Enkarterrin eta %93 Oarsoaldean)».
Abuztuko datuei dagokionez, Nekaturren arabera Gipuzkoak ia %78ko erreserbak ditu, «2024koak baino puntu bat gehiago». Oarsoaldea (%87ko okupazioa) eta Debabarrena (%85) dira daturik onenak eskaintzen dituzten bi eskualdeak.( Albistearen amaierako taulan daude datu guztiak)
Erreserba gehienak, gelaka
Nekaturreko landa ostatuak hiru motatakoak dira: batetik nekazalturismoak; bestetik landa-etxeak; eta azkenik landa-apartamentu turistikoak. Nekaturren arabera, «Horien barruan, gelakako alokairua da eskaintzarik haundiena duena, eta, beraz, gehien eskatzen dena ere bada. Horrela, erreserben %80a okupazio mota honi dagokio, etxe osoen erreserbak %11koak dira, landa apartamentu turistikoena izanik gainerako %10a».
Bidaiari-tipologiaren arabera, «gehienek bikoteka bidaiatzen dute (%46), eta, ondoren, familian edo/eta 3-5 pertsona arteko taldeetan bidaiatzen dutenak daude (%28). Talde handien kasuan, berriz, 6 pertsonatik gorakoak izan ohi direla dio Nekaturrek, «erreserben % 20 dira, eta gainerako % 7a bakarrik doazen bidaiariei dagokie».
Nortasun turistikoa, identitateduna
Nekaturretik sustatzen den turismoa turismo mota honela definitzen du: «arduratsua, jasangarria, inklusiboa eta identitateduna». Izan ere, Euskadiko landa ostatuen elkarteak dio anfitrioien gertutasuna eta profesionaltasuna, landa-ingurunean duten egunerokotasuna ezagutzea, bidaiaria Euskadiko tradizioetara eta kulturara hurbiltzea, beste ostatu-mota batzuekiko desberdintasuna markatzen duten oinarrizko zutabeak direla.