Mendiko suteak egoteko arriskua, Nafarroan

Kronika - Erredakzioa 2025ko abu. 10a, 00:00

Tenperatura altuengatik, Nafarroako Gobernuak sasiak sutzea ere debekatu du, irailaren 30 arte.

Tenperatura altuetan murgilduta gaude Urumea bailaran eta batik bat, Aranon eta Goizuetan, Nafarroan hain zuzen. AEMEtek aurreikusi du datorren astera arte luzatuko dela beroaldia. Espainiako metereologia agentziak egin duen aurreikuspenean sute arrisku nabarmena ageri da Nafarroan, baita EAEn ere. Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Barneko Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, gogorarazi du kontu handiz ibili behar dela datozen egunetan mendiko suteak sor ditzakeen edozein jarduera saihesteko, sute arriskua «hagitz handia edo muturrekoa» izanen baita Nafarroa osoan. Ildo horretan, Nafarroako Gobernuak Foru Agindu bat onartu zuen asteartean, lur urbanizaezinean deflagrazioak, txinpartak edo deskarga elektrikoak eragin ditzaketen jarduerak egitea debekatuz.

 

Motordun makinarik ez erabiltzeko eskaera, Nafarroako Gobernuak

Nafarroari dagOkionez, tenperatura altuen alerta horian dauden lurraldetan, ezin da nekazaritzako eta basogintzako motordun makinarik erabili, eguerdiko 14:00etatik arratsaldeko 18:00etara bitartean, «makina hauek arriskua baitute sua eragiteko», arrazoitu du Nafarroako Gobernuak. Makinaria horien arten daude; hala nola, uzta jasotzekoak, uzta paketatzekoak, lasto xehetzaileak, exkabadorak eta abar.

Tenperaturen alerta laranja edo gorria den Nafarroako eremuetan, berriz, egun osoan dago debekatua motordun makinaria handia erabiltzea. Nafarroako Gobernuak sasiak sutzea ere debekatu du, irailaren 30 arte, suteen beldur.

 

Erakunde publikoek zenbait gomendio, herritarrentzat

Beroa jasateko aholku hauek zabaldu dituzte erakunde publikoek: «ura edatea egarririk izan gabe ere, kirolik eta gehiegizko ariketa fisikorik ez egitea batez ere 12:00etatik 17:00etara, eguzkitan ez jartzea, etxeko pertsianak itxita izatea eta tenperatura freskoenak diren orduetan aireztatzea, arropa arina eta kolore argikoa janztea, ahal dela etxean egotea bero gehien diren orduetan eta atera behar izatekotan burua estaltzea». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!