Sunbillan arituko dira gaur Pikabea anai-arrebak

Kronika - Erredakzioa 2025ko abu. 9a, 00:00

Laiene eta Igoin Pikabea anai-arrebak ariko dira gaur, Sunbillan.

Maila nagusian eta emakumezkoen mailan hiru bikote ariko dira, eta aurten Gazteen mailako Ramon Latasa saria ere jokatuko dute.

Jende mordoa elkartuko da gaurkoan Sunbillako pilotalekuan, Ramon Latasa aizkolari haundiaren omenenez jaialdi ederra antolatu baitute, eta tartean izango dira bailarako Laiene eta Igoin Pikabea anai-arrebak. Arratsaldeko 18:30etan emango zaio hasiera aizkora erdigunean jarriko duen jaialdiari eta antolatzaileek ohartarazi dute berrikuntzak egongo direla: «orain arte maila nagusian lau bikote lehiatzen ziren, orain, ordea, hiru ariko dira. Horrez gain, gazteen mailako Ramon Latasa Saria jokatuko da berriro. Zazpi edizio jokatu ondoren, proba hau 2013az geroztik ez da egin». 

Gaurko jaialdia hiru kategoriatan banatuko dute; batetik maila nagusia; bestetik, Emakume aizkolarien IV. Ramon Latasa Saria; eta azkenik, Gazte aizkolarien VIII. Ramon Latasa Saria. Aizkolariez gain, txingak eta harri jasotzaileak ere izango dira.

Gorengoen mailan, lehian ariko diren hiru bikoteak honakoak izango dira: Iker Vicente eta Arkaitz Etxebeste; Julen Alberdi 'Txikia IV' eta Hodei Ezpeleta 'Bihurri II'; eta Mikel Larrañaga eta Eneko Otaño. Bikote bakoitzak hamar kanaerdiko eta sei 60 ontzako ebaki beharko ditu. 

Emakumezkoetan, Ramon Latasa sariaren laugarren edizioa ere jokatuko dute eta antolatzaileek iragarri dute egungo emakumezko aizkolari onenak ariko direla lehian; hala nola, Karmele Gisasola eta Uxue Ansorregi; Nerea Sorondo eta Laiene Pikabea ereñotzuarra; eta Nerea Arruti eta Oihana Fernandez. Bikote bakoitzak 45 ontzako bost enbor moztu beharko ditu.

Gazte aizkolarien VIII. Ramon Latasa Saria ere antolatu dute aurtengo ediziorako, «ikusirik aizkolari gazte batzuk indartsu datozela, aukera bat eman nahi diegu». Horretarako ondorengo gazteak ariko dira aizkoran: Igoin Pikabea eta Unai Etxeberria; Oier Mitxelena eta Beñat Senosiain; Aritz Oiarbide eta Julen Urrutia.

 

Txingak eta harria

Aizkoraz gain, txinga marka saiakera ere izango dela jakinarazi dute antolatzaileek. Kerman Perez De Heredia, Euskadiko txapeldunak 75 kiloko txingekin bere marka pertsonala hobetzeko saiakera egingo du.  Horrez gain, Estefania Etxebeste ariko da harria jasotzen, eta errekor bat egiten saiatuko da 100 kiloko zilindro kopa harriarekin, bost minutuko bi txandatan, hain zuzen. Txanda artean 15 minutuko atsedenaldia izango du Etxebestek. Antolatzaileek azaldu dute, 2014an 56 altxaldi egin zituela Idoia Etxeberriak, eta geroztik, inork ez duela marka hori hautsi, «hori gainditzen saiatuko da Estefania Etxebeste iturendarrra, Sunbillan».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!