Martxan da Nekazaritza Eskola Hernanin, lehen sektoreko laneratzea areagotzeko

Kronika - Erredakzioa 2025ko abu. 6a, 00:00

Hainbat ikasle, Karabelekoren baratzetan prestakuntza praktikoa jasotzen.

Beterri-Buruntza eskualdeko bi talde formatuko dituzte aurten, lau hilabetez, Hernaniko Burujabetzen Etxean eta Karabeleko baratzean. Mankomunitateak, Aldundiak eta HENASEk elkarlanean garatu dute egitasmoa, Hernaniko Udalaren eta HAZIren laguntzarekin.

Ekimen berezia jarri dute martxan aurten, Hernanin bertan, Beterri-Buruntza eskualdeko le­hen sektoreko laneratzea sustatu nahian: Nekazaritza Eskola. Proiektu horren garapenean, lankidetzan ari dira Beterri-Buruntza Mankomunitatea, Gipuzkoako Foru Aldundia eta HENASE (Hernaniko Nekazari eta Abeltzainen Sustapenerako Elkartea), Hernaniko Udalaren laguntzarekin (ekarpen ekonomikoa egin eta azpiegiturak jarri ditu) eta HAZIren partaidetzarekin.

Eskualdeko eragileekin batera, «laneratzea areagotzeko be­harra» identifikatu zuten lehen sektorean, eta horri erantzun nahi diote Nekazaritza Eskolaren prestakuntzarekin. Izan ere, Beterri-Buruntzako 2024ko enplegu arloko diagnostikoak agerian utzi zuen «belaunaldi erreleboaren gabezia larria» dagoela lehen sektorean: «Elikagaiak ekoizten dituzten ekoizleen %93k ez dute bermatuta beren jardunaren jarraipena». Horregatik, diote «erantzun es­trategikoa» dela Nekazaritza Es­kola, behar horri aurre egiteko: «Batetik, lehen sektoreko lan-erreleboa sustatzeko, uzta biltzeko garaian lan karga haun­dia duten sektoreetan eskulan kualifikatua eskainiz, eta belau­naldi erreleboa bermatuz. Eta bestetik, gizarte-kohesioa eta inklusioa indartzeko, egoera zaurgarrian dauden pertsonentzako formakuntza eta lanerako bidea erraztuz, eta haien autonomia eta gizartean partehartzea sustatuz», nabarmendu dute.

Lankidetza instituzionala eta komunitarioa du oinarri egitasmoak, eta denera 95.422 euroko aurrekontua du Nekazaritza Es­kolak 2025erako. Eskualde mai­lako ikuspegia duenez, Beterri-Buruntza Mankomunitatea bera ari da hura sustatzen eta dina­mizatzen, eta HENASEren gidaritzari esker, areagotu egin da lehen sektoreko eragileen partehartzea, eta horrela, «sektorearen premiak kontuan hartuta» garatu dute prestakuntza.

 

Lau hilabeteko formakuntza, Hernaniko Burujabetzen Etxean eta Karabelekoren baratzetan

Nekazaritza Eskolako formakuntza prozesuak lau hilabeteko iraupena izango du, eta aurten bi talde formatuko dituzte. Aurrenekoak dagoeneko bukatzear du bere ibilbidea, eta bigarrenak ekainean ekin zion.

Teoria eta praktika uztartuko ditu formakuntzak, eta Hernanin bertan egingo dute zatirik haundiena: Hernaniko Burujabetzen Etxean eta Karabelekoren baratzetan jasoko dute prestakuntza aurreneko hiru hilabeteetan, HENASEko hezitzaileen zein HAZI fundazioaren eskutik. Gainera, HENASEko ekoizle profesionalek ere hartuko dute parte saio espezializatuen dinamizazioan.

Eta ondoren, hilabete bateko praktikaldia egingo dute ikasleek HENASEko etxaldeetan, «es­kualdeko ekoizpen eremua le­henengo eskutik bizi eta ikasitakoa praktikan jartzeko».

Uztailean egin zuten Nekazaritza Eskolaren aurkezpena, eta bertan izan ziren erakunde sustatzaile eta laguntzaileetako ordezkariak. Patxi Ibargurenek, Hernaniko zinegotzi eta Beterri-Buruntza Mankomunitateko lehendakari den aldetik, nabarmendu zuen «gero eta garrantzi haundiagoa» duela eskualdeko sareak, eta bi helburu nagusi dituztela bertan proposatzen diren proiektu guztiek: «Batetik, pertsonen enplegagarritasuna lan­tzea, laneratzea lortzeko asmoz; eta bestetik, hori uztartzea lurraldeak dituen lan-beharrekin». Zentzu horretan, eragileen arteko sinergiak goraipatu zituen: «Mankomunitatearentzat erronka haundia da Nekazaritza Eskola sustatzea. Izan ere, enplegu sozialeko ekosistema osoa indartu nahi dugu, eta hori ezin du egin erakunde batek bakarrik».

Uztailean aurkeztu zuten Nekazaritza Eskola, Hernaniko Burujabetzen Etxean.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!