2024 uztako sagardoak mamitsuak dira, gorputz haundikoak eta lurrintsuak

Kronika - Erredakzioa 2025ko abu. 3a, 00:00

Gasteizen aurkeztu zuten 2024ko uztaren botilaratze kanpaina.

48 sagardogileen 110 Euskal Sagardo desberdin daude, %100 bertako sagarraz eginak eta kalitate-bermea dutenak. 

 

Askorentzat txotx garaia izaten da sagardo garaia, baina egiari zor sagardoa edateko garairik onena udara izaten da. Horregatik aurkezten da botilaratutako sagardoaren denboraldia udara hasi aurretik.

Euskal Sagardoa jatorri-deiturak 2024 uztako sagardoa aurkezten du hain justu eta pasa den ekainean egin zuten aurkezpen hori lehenengo aldiz Gasteizen. Kontsumitzaileek Euskal Sagardoa osatzen duten Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 48 sagardogileen 110 produktu desberdin dituzte aukeran, 150 sagargileren sagarrekin eginak.

 

2024ko uztan dibertsifikazioan garatzeko aukera izan du sektoreak

2024 uztako sagardoak txotxean sagardotegietan dastatu ondoren, orain botilan merkaturatzen ari dira sagardogileak, uzta txikia izan den arren kopuruz 2024koa. Horrek izaera eta gorputz haundiko sagardoak eman ditu orokorrean, ahoan luzeak eta lurrintsuak. Guztira, 2,3 milioi kilo bildu dira eta 1,3 milioi litro Euskal Sagardo egin ahal izan dira.

Baina sagardotegi eta sagardo bakoitzak ditu bere berezitasunak. Bide horretan, gauza bereziak merkaturatzen ari dira Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako sagardogileak azken urtetan: lursail jakineko sagardoak, sagar mota jakinekoak, ondutakoak, egurrean garatuak, eta abar. Aurreko urteetako bideari segiz, 2024ko uztan dibertsifikazio horretan garatzeko aukera izan du sektoreak eta produktu desberdin asko egin dira.

Jatorri-deitura urte askotako lanaren emaitza eta etorkizuneko apustua dela nabarmendu dute sustatzaileek. Erakunde publikoek eta sagar eta sagardo sektoreak elkarlanean osatzen dute Kontseilu Arautzailea eta etorkizunerako apustua. Euskal Sagardoa zigilua daramaten sagardoek bi ezaugarri nagusi dituzte: %100 bertako sagarrarekin eginak dira eta kalitate-bermea dute. Baina hirugarren ezaugarri bat ere badute, dibertsifikaziorako aukera zabaltzen ari direla. Horretan zeresan handia dute, sagasti berrien diseinuak eta merkatura egokitzen jarraitzeko sagardogileek duten interesak. Azken uzta hau eta datozenak interesgarriak izango dira dibertsifikazio horretan.

Euskal Sagardoak komertzializazio bideak indartzen egin du lan azken urteetan, bai linealetan, bai ostalaritzan eta baita salmenta zuzena eta on line salmentan ere. Garrantzitsua da sektore hauekin egin litekeen elkarlana, Jatorri Deitura duten sagardoak balorean jarri eta salmenta bultzatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!