Papelera Zikuñaga esku pelota txapelketan Alize Sagardui goizuetarrak txapela jantzi du

Kronika - Erredakzioa 2025ko abu. 3a, 00:00

Uztailaren 30ean finalak jokatu zituzten pelotariak, horien artean Alize Sagardui goizuetarra txapelduna irten zen.

Zortzi final jokatu ziren uztailaren 30ean eta San Inazio egunean, eta pilotari goizuetarrak, Uxue Gomezekin batera lortu du txapela 14-16 urteko mailan, Araitz Legarreta aranoarrari eta Larraitz Galardi oiartzuarrari 22-12 irabazita.

Hernaniko kiroldegiko frontoian, uztailean zehar, jokatzen den Zikuñaga Papelera esku pelota txapelketa gero eta ospe haundiagoa ari da hartzen afizionatuen mailan eta pasa den asteazkenean eta ostegunean jokatu ziren finalak. Guztira zortzi final izan ziren, lau uztailaren 30ean eta beste lau uztailaren 31n. CD Hernaniko kideek lan eskerga egiten dute txapelketa antolatzen eta aurtengo txapelketan lan guzti horrek pena merezi izan du. 

Uztailaren 30eko finaletan, Umore Onako bi pelotari izan ziren aurrez aurre. Bakarra izan zitekeen txapeldun eta Alize Sagardui goizuetarrak, Uxue Gomezekin batera lortu zuen txapela, Araitz Legarreta aranoarrari eta Galardiri 22-12 irabazita. Aipatzeko da maila honetan June Zabala astigartarrak ere parte hartu duela txapelketan. Mundarroko pelotariarekin hiru izan dira jokatu duten bailarako neskak. 

Uztailaren 30ean beste hiru final izan ziren. Mutiletan, kadete zilar mailan, Gorostidik eta Orejak 22-15 irabazi zieten Clavijori eta Estensorori; jubenil urre mailan, Sagastibeltzak eta Berozek 22-6 irabazi zieten Izagirreri eta Azpeitiari eta nagusien urre mailan, Gorostidik eta Sudupek 22-8 irabazi zieten Iraetari eta Aldeari.

San Inazio egunez jokatu ziren azken lau finalak. Katede urre mailan Baleztenak eta Ilarramendik 12an utzi zituzten Labaka eta Ancizar, 22-12k emaitzarekin. Jubenil zilarra mailan Iparragirreren eta Gonzalezen nagusitasuna erabatekoa izan zen. 22-5 lortu zuten garaipena Alejoren eta Elolaren kontra. Eguneko hirugarren finalean emakumezkoen nagusi eliteko txapela zegoen jokoan. Hemen ere markagailua argia izan zen Zabaleta eta Mendizabalen alde. 22-8 irabazita jantzi zuten txapela Ibarrolaren eta Bertizen kontra. 

Finalik parekatuena gizonezkoen nagusi elite mailan ikusi zen. Bertan, Markel Lizeaga hernaniarra kantxaratu zen, Cestaurekin bikote osatuz, gerriko urdinez. Lehia estua izan zen, baina azkenean txapelak ihes egin zien Landaren eta Beranolaren mesedetan. Azken emaitza 22-17 izan zen gorrien alde. Landak eta Bernaolak bikote sendoa osatzen dute, baina Cestauk eta Lizeagak estutu zituzten partidu bikaina osatuz.

 

Abuztuak 31ko txapelketa martxan da eta etzi hasiko da Antiguoko Torneoa

Papelera Zikuñaga txapelketan 35 klubetako 160 pelotarik hartu dute parte eta uztailean zehar jokatu dira kanporaketak. Beste behin arrera ona izan du txapelketak eta egutegian leku berezia lortu du. Hala ere, torneoek ez dute etenik.

Azken lau finalak San Inazio egunez jokatu ziren eta finalistek elkarrekin atera zuten argazkia.

 

Abuztuan zehar aipagarriak izango dira Donostiako Trinitate plazan eta Antiguoko auzoan jokatuko diren txapelketa entzutetsuak. Dagoeneko hasi da jokatzen abuztuaren 31ko txapelketa. Ostiralean Oier Arsuaga hernaniarrak, Munduaterekin batera 22-17 lortu zuten garaipena kadete mailako finalaurdenetan. Seniorretan Xabi Apaolaza-Atxa (Hernani-Alde Zaharra) bikotea ere finalerdietara sailkatu da, Artetxe-Ortiz de Urbina (Intza-Eple) 22-15 garaituta.

Bestetik etzi hasiko da Antiguoko Torneoa. Hilabete osoan jokatuko da eta bertan seniorretan Eñaut Lizeaga astigartarra eta Beñat Apezetxea goizuetarra arituko dira. Lizeagak, Bernaolarekin jokatuko du eta etzi debutatuko dute Igoa eta Balerdiren aurka. Beñat Apezetxeak abuztuaren 13an debutatuko du eta Loza izango du bikotekide.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!