Eguzkiaren gorria eta euriaren urdina tartekatu ziren larunbat arratsaldean, kanpoaldean. Baina Galarreta frontoiaren barruan ez zen halakorik gertatu: kolore urdina nagusitu zen jaialdiko estelarrean, Jai Alai Summer Seasoneko finalak, udako txapelketa izanik, kontrakoa iradokitzen zuen arren. Xabier Azpiroz eta Imanol Ansa gorrien alde atera ziren apustuak, baina ezustekoa eman eta txapela jantzi zuten Kemen Aldabe eta Aritz Juanenea urdinek.
Lekunberriarrak eta saldiastarrak 13-15 irabazi zituzten bi jokoak, eta ondo merezita lortu zuten txapela. Azpiroz eta Ansa ez ziren eroso aritu, aurreko partiduetan oso sentsazio onak erakutsi arren. Haiek nagusitu ziren ligaxkan, bi bikoteen artekoan; baina kontuak oso desberdin atera ziren finalean.
Aldabek erraztasun haundiz bukatu zituen tantoak aurrean, eta Juanenea izan zen finaleko protagonista nagusia. Saldiastarra izan zen lauetan onena: nagusitu egin zitzaion Ansari atzeko koadroetan, eta jokaldi ederrak egin zituen. Oraingoan urnietarra ez zen aurrekoetan bezain eroso aritu atzean, bere ohiko tokitik kanpo; eta hari lagundu ezinik ibili zen Azpiroz.
Ez zioten gaizki ekin partiduari gorriek, eta 3-1, 6-3 eta 8-6 aurreratu ziren aurreneko jokoan. Berdintzera iritsi ziren urdinak, baina berriro lortu zuten tartetxoa Azpirozek eta Ansak (13-11), eta bazirudien jokoa poltsikoratuko zutela. Baina hortik aurrerakoak urdinen aldekoak izan ziren, momentu erabakigarrian asmatuta: Ansaren akatsa, Juanenearen sake zoragarria, eta Aldaberen bi jokaldi bikain (13-15).
Antzeko hasi zen bigarren jokoa ere, gorriak 4-2 aurreratuta. Hortik aurrera, ordea, erabat nagusitu ziren urdinak, eta 5-10 eta 6-12 egin zuten ihes. Ez zuten amore eman faboritoek, eta jokoa berdintzea lortu zuten (12-12), bere mailarik onena erakutsita. Aldabek eta Juaneneak ez zuten txapelak ihes egiterik nahi, ordea, eta garaiz erreakzionatu zuten: berriro nagusitu ziren azkeneko tantoetan, eta 13-15 irabazi zuten bigarrena ere.
Oriamendi Txapelketan, kontuak are estuago
Bestalde, Oriamendi Txapelketako partidua ere jokatu zen larunbatean, eta Paulo Aiestaran hernaniarra eta Ibai Martirena nagusitu ziren, Urtzi Gurrutxagaren eta Oier Apezetxea goizuetarraren kontra (6-15, 15-9 eta 8-6). Gauzak horrela, are gehiago estutu dira kontuak sailkapenean. Une honetan, bost punturekin lider dira Aimar Jabalera eta Aritz Eskudero, eta lau punturekin berdinduta daude Aiestaran VII-Martirena eta Gurrutxaga-Apezetxea. Hiru bikoteek jokatu dituzte bi partidu dagoeneko.
Oraindik bakarra jokatuta daude Aritz Zubiri goizuetarra eta Ugaitz Susperregi, hiru punturekin; eta baita Aitor Aiestaran hernaniarra eta Ander Goikoetxea ere, punturik gabe.
Edonola ere, txapelketak luze joko du oraindik, ligaxkan launa partidu jokatuko baitituzte.