Langile hernaniarren eta astigartarren %20,47 soilik ari da bere herrian lanean

Kronika - Erredakzioa 2025ko uzt. 27a, 00:00

Astigartar eta hernaniar gehienak joaten dira herritik kanpora lanera, egunero.

Gipuzkoako landunen batazbestekoaren (%37,2) oso azpitik dago bailarako bi herrietako datua.

Gero eta zailagoa eta ezohikoagoa da nork bere herrian lan egiteko aukera izatea; eta kontrara, normalizatu egin da langileek lurralde bereko beste herri batera edota, kasu batzuetan, are urrutiago joan behar izatea egunero lanera.

Hala erakusten du Eustatek argitaratu berri duen txostenak ere, 2024ko datuak oinarri hartuta: EAEn, biztanleria okupatuaren %38,6k egiten du lan bizi den udalerri berean, eta Gipuzkoan %37,2koa da datua.

Urumea bailarako herriak, ordea, kopuru horietatik oso urruti daude. Astigarragako eta Hernaniko datuak batuta, bertako landunen %20,47ak bakarrik egiten du lan bere herrian. Astigarragako kasua, gainera, bereziki nabarmena da: %13,17koa da herrian bertan lan egiten duten astigartarren kopurua (4.175 landunetik 550). Hernanin, berriz, laurden batera gerturatzen da: 10.017 landunetik, 2.355 dira herrian lanean ari diren hernaniarrak (%23,51).

Horrek dakar eguneroko mugikortasuna oso haundia izatea bailarako bizilagunentzat, lanera joateko. Datu positiborik bilatzekotan, aipatu behar da gehien-gehienek Gipuzkoan bertan daukatela lantokia. Zehazki, 3.397 astigartar eta 7.171 hernaniar dira lurraldeko beste herri batean lan egiten dutenak. Hortaz, herrian bertan ari direnak ere kontuan hartuta, Astigarragako eta Hernaniko langileen %94,93 dira Gipuzkoan bertan lanean ari direnak.

Gauzak horrela, %5 pasatxo dira egunero beste lurralde edo erkidego batera lanera joan behar duten herritarrak. 293 hernaniar eta 123 astigartar dira Araban eta Bizkaian lanean ari direnak; eta 198 hernaniar eta 105 astigartar EAEtik kanpo ari direnak.

Eustatek nabarmendu duenez, EAEn %2,4 haunditu da bizi den udalerritik kanpo lanean ari den biztanleen kopurua, 2023ko datuekin alderatuta. Herriz herriko, eskualdekako eta lurraldeetako estatistikak eta datuak eskuragarri jarri dituzte eustat.eus webgunean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!