Luis eta Enaitz Goñi aita-semeek garaipena, Ondarrun eta Santurtzin

Kronika - Erredakzioa 2025ko uzt. 22a, 00:00

Enaitz Goñi, Ondarruko zeharkaldiko helmugara iritsi berritan.

Getaria-Zarautz zeharkaldirako prestaketetan lortu dituzte garaipenak, pasa den asteburuan.

Pasa den asteburuan lau igeriketa zeharkaldi jokatu ziren Euskal Herriko uretan, eta bitan garaipenak lortu zituzten Luis eta Enaitz Goñi aita-semeek. Biek ere larunbatean lortu zuten garaipena: Ondarroako 38garren Zeharkaldian Enaitzek, eta Santurtzin jokatutako Sardina Zeharkaldian Luisek. 

Enaitz Goñik erraz irabazi zuen Ondarrun, 1.600 metroko ibilbidean. Ia bi minutuko aldea atera zion bigarren sailkatuari. Ordu berean lehiatu zen Luis Goñi, Nerbioi ibaian hasi eta Santurtziko portuan amaitzen zen zeharkaldian. 3.000 metro osatu behar izan zituzten igerilariek, eta Luisek ere erraz lortu zuen garaipena. Iker Garmendia hernaniarrak ere parte hartu zuen, bere kategorian 26garren amaituz.

Ondarruko zeharkaldian, berriz, honako igerilariek ere hartu zuten parte: Olatz Altuna (10garren), Iñigo Goñi (11garren), Arkaitz Goñi (18garren), Maite Esparza (50garren), Aitor Goñi (54garren) eta Joxeba Iurramendi (124garren). Maren Goñik laugarren amaitu zuen alebin mailan.

Hurrengo egunean, igandean, Santa Engraziako urtegiko igerialdian hartu zuen parte Luis Goñik. 4.500 metroko proban, Goñik bigarren amaitu zuen, 52 urterekin, 19 urteko Erik Garcia gaztearen atzetik, minutu batera.

Herenegun izan zen Getariako San Anton bira zeharkaldia ere. Urumea bailarako sei igerilari izan ziren bertan, eta Eider Estibarizek laugarren amaitu zuen nesketan. Honakoak izan ziren beste bostak: Arkaitz Goñi (20garren), Odile Sanchez (25garren), Aisha Ostolaza (31garren), Hodei Goldarazena (69garren), Aitor Valencia (76garren). Zeharkaldi guztietan aritu dira bailarako igerilariak parte hartzen, eta emaitza esanguratsuak lortu dituzte. 

Datorren asteburuan jokatuko da Getaria-Zarautz zeharkaldia, eta 3.500 partehartzailetik gora arituko dira. Askok zeharkaldi hauek erabili dituzte prestakuntza moduan.
  

Jurdan Zalduak eta Uxue Santxok lehenengo esperientzia, Espainiakoan

Bestetik, Hernaniko Kirol Elkarteko Uxue Santxo eta Jurdan Zaldua infantil mailako Espainiako Txapelketan izan dira Ciudad Realen. Beraien lehenengo esperientzia izan da maila honetako txapelketa batean. Jurdan Zalduak 25garren amaitu zuen estilo libreko 200 metroko proban (2:10.06) eta 26garren estilo libreko 100 metrokoan (59.17); eta Uxue Santxo 18garren izan zen 50 metroko bular proban (35.86). Etorkizunerako balioko die esperientzia honek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!