2023ko urrian eman zuen epaia EAEko Auzitegi Nagusiak, eta VOX eskuin muturreko alderdiaren eskariz, baliogabetu egin zituen EAEko Udal Legearen hainbat artikulu, bereziki eragiten zietenak udalerri euskaldunei, arnasguneei eta egoera soziolinguistikoaren arabera hizkuntza politika berezitua egitea onartzen zitzaien udalerriei. Epai hura berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak orain, eta atzera bota ditu Udal Legearen dekretutik baliogabetutako artikulu gehienak. Auzitegiak dioenez, euskera lehenetsiz gero hizkuntzen koofizialtasuna urratzen da.
Atzo eman zuen aditzera epaia, eta agerraldia egin zuen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) berehala, eguerdian Zarautzen. Salatu du «larria» dela epaia, «euskal gizartearen eta erakundeen erabaki demokratikoen aurkakoa ez ezik, azken hamarkadetako hizkuntza-politiken aurkakoa ere badelako»; eta euskera «bigarren mailako hizkuntza izatera» kondenatu dutela berriro, Udal Legea «kimatuta». Nabarmendu du «larrialdi linguistikoan» dagoela euskera, eta ez dela «beste hizkuntza ofizialen parekoa, ezta ofiziala den lekuetan ere». Zentzu horretan, diote «mugarria» izan zela Udal Legea, «elebitasun simetrikoa gainditzeko eta euskera lehenesteko aukera eman zuelako; baina epaiak ebatzi du ezin dela neurririk hartu hizkuntza koofizialetako bat gailentzeko».
Elkarretaratzeak bihar eguerdian, udaletxeen aurrean
Epaia salatzeko eta euskaldunon eskubideen alde egiteko, elkarretaratzeak deitu ditu UEMAk, bere kide diren 118 udalerrietan; tartean, Aranon, Astigarragan, Goizuetan eta Hernanin. Eguerdiko 12:00etan izango dira, udaletxeen aurrean. Euskararekin bat lelopean, bat egiteko deia luzatu diete euskalgintzako eragileei eta herritarrei ere: «Ez diogu uko egingo euskeraz aritzeari eta euskerak behar duen justiziari».