Joan den astean jokatu zen Donosti Cup nazioarteko futbol txapelketa, eta Urumea bailarako 22 taldek hartu zuten parte, kategoria ezberdinetan: Hernaniko 13 eta Mundarroko bederatzi.
Maila haundiko lehiakideen aurrean, txapeldunen fasera sailkatu ziren sei talde, ligaxkan multzoko bi onenen artean sailkatuta: Hernaniko 10, 13, 14 eta 19 urteko mutilen talde bana; eta Mundarroko 9 eta 11 urteko mutilen talde bana.
Horietatik, bereziki bide nabarmena egin zuten bi taldek, final haundiaren atarian geratu baitziren, semifinaletara iritsita. 19 urteko mutiletan, Hernani B taldeak ligaxkako hiru partiduak irabazi zituen, Trintxerpe (4-1), Godella talde valentziarra (3-2) eta Quilombo frantziarra (3-0) menderatuta. Eta ondoren, FCM Ingré talde frantziarra kanporatu zuen final hamaseirenetan (3-1), Antigua Luberri final zortzirenetan (2-0), eta TPE Academy kataluniarra final laurdenetan (2-0). Kataluniako beste talde baten kontra galdu zuen semifinaletan: Set11 Esports taldeak menderatu zuen (0-2).
10 urteko mutil hernaniarrek ere lehenengo postua lortu zuten ligaxkan, Antigua Luberri eta Internacional 6-0 menderatuta, eta Vasconiarekin 3-3 berdinduta. Final zortzirenetan ekin zioten txapeldunen faseari, eta Tolosa (7-5) eta Antiguoko (2-1) menderatu zituzten aurreneko bi kanporaketetan, baina Beti Onaren kontra galdu zuten semifinaletan (2-7).