Uztailarekin batera hasi zen esku pelotako Zikuñaga Papelera txapelketa, duela bi aste pasatxo; eta dagoeneko final laurdenetan murgilduta daude kategoria guztietako mutilak. Nesken txapelketak, berriz, larunbat honetan ekingo dio, Hernaniko kiroldegiko frontoian.
Joan den urtean aurrenekoz jokatu ondoren, indartsu bueltatuko da nesken torneoa, 14-16 urte bitartekoetan. Maila ederreko zortzi bikote osatu dituzte, Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorritako pelotariekin.
Final laurdenetan ekingo diote txapelketari, bi multzotan banatuta. A multzoan, honakoak izango dira lau bikoteak: Nahia Sorondo eta Maria Crespo; Maria Balerdi eta Janire Sotil; Iraide Iriarte eta June Zabala; eta Araitz Legarreta eta Larraitz Galardi. B multzoan, berriz, beste hauek ariko dira aurrez aurre: Intza Arruti eta Arane Rey; Ainitze Arratibel eta Dunixe Alberro; Itxasne Lizarralde eta Itxaso Iparragirre; eta Alize Sagardui eta Uxue Gomez.
Multzo bakoitzean, denak denen kontra ariko dira larunbatean, eta hiru partidu jokatuko ditu bikote bakoitzak. 12 tantora izango dira horiek. A multzokoen partiduak goizeko 10:00etan hasiko dira, eta B multzokoenak segidan, 11:30ak aldera. Guztira, 12 partidu jokatuko dira.
Ligaxka horretan hiruna partidu jokatuta, multzo bakoitzeko bi bikote onenek egingo dute aurrera, finalerdietara. Uztailaren 22an jokatuko dituzte finalerdiak, arratsaldeko 18:00etatik aurrera; eta irabazleek hilaren 30ean izango dute finala, 16:00etan hasiko den jaialdian. Final laurdenetako partiduak ez bezala, 22 tantora izango dira finalerdiak eta finala.
Aurten ez da Hernaniko ordezkaririk izango, partehartzaileen artean. Maialen Esnal hernaniarra txapeldun izan zen joan den urtean, Larraitz Galardi oiartzuarrarekin batera; baina ez du parte hartzerik izan oraingoan, zoritxarrez. Alize Sagardui goizuetarra eta Araitz Legarreta aranoarra izango dira Urumea bailarako ordezkariak.
Kontuak kontu, larunbateko jaialdira gerturatu eta partidu sorta ederraz gozatzeko gonbitea luzatu diete CD Hernanitik herritarrei: «Joan den urtean oso polita izan zen txapelketa, eta aurten ere hala izateko itxura dauka», nabarmendu dute.
Txapelketako final gehiago, uztailaren 30ean eta 31n
Neska gazteen torneokoa ez ezik, uztailaren bukaeran jokatuko dira beste final guztiak ere, Zikuñaga Papelera torneoan. Mutilen kategoria ezberdinetakoak, hilaren 30ean izango dira batzuk, eta 31n besteak. Eta nesketan, elite mailakoa ere jokatuko da uztailaren 31n, partidu bakarrera.
Punta-puntako esku pelotariak izango dira horretan, egun txapelketa onenetan garaile izaten ari direnak. Besteak beste, aurreikusita dago Goiuri Zabaleta leitzarra bertan izatea, egungo lau t'erdiko txapelduna; eta baita Itxaso Erasun zizurkildarra ere. Hain juxtu, elkarrekin irabazi berri dute San Fermin Torneoa, Iruñean.
ZIKUÑAGA PAPELERA TXAPELKETA 2025
14-16 urteko NESKEN TORNEOA
A MULTZOA
Nahia Sorondo-Maria Crespo
Maria Balerdi-Janire Sotil
Iraide Iriarte-June Zabala
Araitz Legarreta-Larraitz Galardi
B MULTZOA
Intza Arruti-Arane Rey
Ainitze Arratibel-Dunixe Alberro
Itxasne Lizarralde-Itxaso Iparragirre
Alize Sagardui-Uxue Gomez
KANPORAKETEN DATAK
Final laurdenak, uztailak 19
Kiroldegiko frontoian
Multzo bakoitzeko bikoteak, denak denen kontra, 12 tantora. A multzoko partiduak 10:00etan hasiko dira, eta B multzokoak 11:30etan. Guztira 12 partidu jokatuko dira. Multzo bakoitzeko bi bikote onenek egingo dute aurrera.
Finalerdiak, uztailaren 22an
18:00etan kiroldegiko frontoian
Finala, uztailaren 30ean
16:00etan kiroldegiko frontoian