Azken asteetako erasoak salatu dituzte Buruntzaldeko Transmaribibolloek

Kronika - Erredakzioa 2025ko uzt. 13a, 00:00

Hernanin gertatutako erasoak eta Andoainen zein Lasarten agertutako pintaketak salatu ditu kolektiboak. 

Aurreko astean 'Fuck LGTB' zioen pintada bat agertu zen Andoaingo etxebizitza bateko atarian, eta egungo egoera ikusita, salaketa ohar bat argitaratu dute Buruntzaldeko Transmaribibolloek. 

Andoaingoez gain, Lasarte-Orian ere agertu dira pintaketak; kasu honetan «mezu sionistak, islamofoboak, kolonialistak eta arrazistak» jarri dituzte Palestinaren aldeko mural batean. 

Ekintza hauen aurrean, mezu argia zabaldu nahi izan dute Buruntzaldeko Transmaribibolloek: «Ekintza horiek guztiak eraso gisa ulertzen ditugu eta, ez Buruntzaldean ez inon, ez ditugu inolaz onartuko, ezta pasatzen utziko ere». 

Faxismoaren eta eskuin muturraren gorakada

Buruntzaldean gertatutakoa marko zabalagoaren barruan ulertzeko beharra ere nabarmendu du LGTBIQA+ kolektiboak. Horren harira, Hernaniko eta Andoaingo San Joanetan gertatutako eraso arrazistak ekarri dituzte gogora. «Ez dira kasu isolatuak, diskurtso eta eraso LGTBIAQ+fobo eta arrazistak ematen ari dira gure herrietan. Hau guztia, noski, eskualdetik harago gertatzen ari da. Faxismoaren eta eskuin muturraren gorakadarekin batera, gorroto diskurtsoak gailentzen ari baitira gorputz eta bizitza zehatz batzuen aurka». 

Oharra amaitzeko, adierazi dute eraso guztiei «erantzun kolektiboa» emango dietela: «Gora autodefentsa transmaribibollo eta antiarrazista!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!