Puntako jaialdia gaur Galarretan, txapelketen bigarren jardunaldiarekin

Kronika - Erredakzioa 2025ko uzt. 12a, 00:00

Sagardoaren Txapelketa elkarrekin irabazi ondoren, aurrez aurre ariko dira Aldabe eta Barrenetxea gaur. Ezkurrarekin ariko da hernaniarra.

Estreinako garaipena lortu nahi dute Barrenetxeak eta Ezkurrak, herenegun galdu ondoren.

Ezin izan zuen garaipenarekin hasi Jai Alai Summer Season txapelketa, ostegunean, Endika Barrenetxea hernaniarrak: 15-8, 8-15 eta 1-8 galdu zuen Josetxo Ezkurrarekin batera, Segurolaren eta Larrañagaren kontra. Oriamendi torneoan, aldiz, aurreneko lau puntuak eskuratu zituen Aritz Zubiri goizuetarrak: 12-15, 15-11 eta 8-1 irabazi zuen Susperregirekin batera, Paulo Aiestaran hernaniarraren eta Martirenaren kontra.

Gaur izango dute bigarren jardunaldia bi txapelketek, Galarretan, 16:30etan hasiko den jaialdiarekin. Puntako hiru partidu jokatuko dituzte. Oriamendi torneokoa izango da aurrenekoa, eta Oier Apezetxea goizuetarrak jokatuko du, Gurrutxagarekin batera, Jabaleraren eta Eskuderoren kontra. 

Beste biak, berriz, Summer Seasonekoak izango dira: Azpiroz-Ansa II eta Segurola-Larrañaga izango dira aurrez aurre jaialdiko bigarrenean; eta Barrenetxea IV-Ezkurra II eta Aldabe-Juanenea hirugarrenean. Estreinako garaipena lortu nahi du hernaniarrak, hasiera kaxkarrari buelta ematen hasteko. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!