Gaur hasiko dira Jai Alai Summer Season eta Oriamendi erremonte txapelketak

Kronika - Erredakzioa 2025ko uzt. 10a, 00:00

Bi txapelketetan parte hartuko duten erremontariak Miramar jauregian elkartu zituzten aurkezpena egiteko.

Gaur arratsaldeko jaialdian jokatuko dituzte bi txapelketetako ligaxkako lehenengo partiduak, 16:30etatik aurrera. Hilabete exkax iraungo du Summer Season txapelketak, eta irailera arte luzatuko da Oriamendi txapelketa. 

Batekin nahikoa ez, eta bi txapelketa hasiko dira gaur arratsaldean Galarretan. Batetik, Jai Alai Summer Season txapelketa laburrari ekingo diote lehenengo mailako erremontariek; eta, bestetik, Oriamendi txapelketan arituko dira bigarren mailako bost bikote. Gaurko jaialdia arratsaldeko 16:30etan hasiko da, eta ikuskizun partidu batekin osatu dute karteldegia. 
 

JAI ALAI SUMMER SEASON

Barrenetxea IV-Ezkurra II eta Segurola-Larrañaga bikoteen ar­teko partiduak zabalduko du Jai Alai Summer Season txapelketa. Lau bikotek hartuko dute parte, eta denek denen aurka jokatuko dute ligaxkan. Beste bi bikoteak Azpiroz-Ansa II eta Aldabe-Juanenea izango dira. Erremontezale sutsuek nabarituko zuten zenbait bikote izendatzeko ordena ezohikoa dela; izan ere, Barrenetxea IV-Ezkurra II eta Azpiroz-Ansa II  bikoteen kasuan, aurrelariek atzeko koadroetan jo­katuko dute, eta atzelariak tan­toak bukatzen ikusteko aukera izango da. 

Uztailean hasi eta bukatuko den txapeketa azkarra da Jai Alai Summer Season, ligaxkatik zuzenean finalera sailkatuko baitira bi bikote onenak. Uztailaren 10, 12, 17 eta 19an jokatuko dira ligaxkako partiduak, eta hilaren 26an izango da final haundia. Partiduak 15 tantoko bi setetara jokatuko dira, eta ondorengo puntuazio sistema erabiliko dute sailkapena definitzeko: 2-0 irabazita 4 puntu, 2-1 irabazita 3 puntu, 1-2 galduta puntu 1, 0-2 galduta 0 puntu, eta partiduan zehar 15 tanto baino gutxiago egiten dituen bikoteak -1 puntu.

ORIAMENDI TXAPELKETA

Bost bikoteren artean jokatuko dute Oriamendi txapelketa. Ligaxkatik hasi, play offeko parti­duarekin jarraitu eta finalera iritsi arte. Formatua dela eta, Jai Alai Summer Season baino puska bat luzeagoa izango da; finala irailaren 27an jokatuko dute.

Bikote orekatuak osatu dituzte txapelketarako, eta berdintasuna ziurtatuta egongo dela dirudi: Susperregi-Zubiri, Aiestaran VII-Martirena, Gurrutxaga-Apezetxea, Goikoetxea V-Aiestaran VI eta Jabalera-Eskudero.

Ligaxka bi itzulitara jokatuko dute, gaur hasi eta irailaren 6an amaituta. Une horretan bikote bakarra geratuko da txapelketatik kanpo, eta beste laurek aurrera egingo dute, baina modu ezberdinean. Hirugarren eta laugarren postuan daudenek play offa jokatu beharko dute; play offa irabazten duen bikoteak finalerdia jokatuko du ligaxkako bigarren sailkatuaren aurka; eta zuzenean finalera sailkatuko da ligaxkako bikote irabazlea. Ligaxkako puntuazio sistema Summer Seasoneko berbera izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!