Deialdia zabaldu du Mendialdea Mankomunitateak, hondakinak biltzeko peoi gidarien bi lanpostu betetzeko, oposizio-lehiaketa bidez. Bi lanpostuak lortzen dituztenek, lan-kontratu finkoa izanen dute, zerbitzuaren beharretara egokitutako lanaldiarekin. Gainera, deialdira aurkeztu eta probak gainditu arren lanpostua lortzen ez dutenekin, lan-poltsa osatuko dute, puntuazioaren arabera. Zerrenda hori erabiliko dute, mankomunitatearen beharren arabera, hurrengo kontratazioetarako.
Bi langile horien egitekoak izanen dira honakoak: hiri-hondakin solidoak biltzea eta garraiatzea Mendialdea Mankomunitatearen lurralde-eremuan (Arano, Goizueta, Areso, Leitza, Lekunberri eta Larraun); hondakinen gaikako bilketa puntuen kudeaketa; mankomunitateko instalazioen, baliabide materialen eta ibilgailuen mantentze-lanak edota konponketak, arduradunaren aginduen arabera; eta lanpostuaren bestelako ekintza eta eginkizun osagarriak.
Eskaerak aurkezteko epea, uztailaren 19ra arte
Deialdian parte hartu ahal izateko, uztailaren 19ra arte aurkeztu daitezke eskaerak: Mendialdea Mankomunitatearen Erregistro Orokorrean (Elbarren 1, Leitza), edo Mankomunitatearen egoitza elektronikoaren bidez (egoitzaelektronikoa.mendialdea.eus).
Eskabidearekin batera aurkeztu beharko dira: NANaren edo agiri baliokidearen fotokopia konpultsatua; lehiaketa-faserako merezimenduen jatorrizko agiriak edo kopia egiaztatuak; deialdian eskatutako tituluaren fotokopia (jatorrizkoa ere eraman behar da); gidabaimenaren fotokopia konpultsatua; eta Gaitasun Profesionalaren Ziurtagiriaren fotokopia konpultsatua. Hautagaiek gutxienez DBH graduatu-titulua edo baliokidea izan beharko dute, eta euskeraren ahozko B1 mailako ezagutza.
Eskaerak jasota, onartutako eta baztertutako hautagaien zerrenda argitaratuko dute Mankomunitatearen atarian (mendialdea.eus), eta baztertutakoek 10 eguneko epea izanen dute erreklamazioak aurkeztu ahal izateko. Behin betiko zerrenda osatu ondoren, bi fasetan eginen dute lehiaketa-oposizioa: aurrena lehiaketa-fasea, merezimendu profesionalak, akademikoak eta euskeraren ezagutza baloratuz (30 puntu arte); eta ondoren oposizio-fasea, lanposturako gaitasuna frogatzeko, proba teorikoa (35 puntu) eta praktikoa (35 puntu) eginez.
Behin fase hori amaituta, Mankomunitatearen atarian argitaratuko dute oposizio-lehiaketa gainditu dutenen zerrenda, lortutako kalifikazioekin.
Deialdiari buruzko informazio osoa mendialdea.eus webgunean bertan dago eskuragarri.