Atzo eguerdian lehertu zen Martindegiko San Ferminetako lehenengo suziria. Jaietako ostirala beti izaten da berezia; ilusioa sumatzen zen helduen zein haurren begietan, eta ondo baino hobeto ekin zioten aurtengo egitarauari.
Goizeko kalejiraren ondoren, Andoni Magoaren ikuskizunarekin txundituta geratu ziren etxeko txikiak. Iluntzean, berriz, herri kirol saio ederra eskaini zuten Arrutik, Barrenetxeak, Pikabeak eta Astondoak, eta zaleek ederki freskatu zituzten zintzurrak sagardo dastaketan. Itzal taldearen erromeriarekin borobildu zuten eguna, baina gehiegi luzatu gabe erretiratu ziren, gaur ere gauza asko baitaude egiteko!
Goizeko 10:30ak aldera sumatuko dituzte auzotarrek trikitilariak. Denak ondo esnatuta, goiko aristian elkartuko dira, urteroko omenaldia egiteko. Eguerdian auzo bazkaria izango dute, eta Astigarragako 3ttu taldearekin pasako dituzte arratsaldea eta gaua.
Tartean Hernaniko Inaxio Zerainen eta Zumaiako 'Etxetxo'-ren zaldien arteko dema ikusteko aukera izango da, gaueko 22:30etan.
Hori guztia ikusita nahikoa ez dutenentzat, platano dantza izango da ordu txikitan.
OIALUMEKO SAN FERMINAK
HERNANI-ASTIGARRAGA
GAUR
10:30 Auzoko etxeetara urteroko bisita trikitilarien laguntzaz: 'Mobida'.
13:00 Goiko aristian oroigarri xume bat 'gure artean ez daudenentzat'. Tturko familiari eskertza, ematen diguten harreragatik.
14:30 Auzo bazkaria.
18:00 Apar festa Laket Tabernak antolatua eta zezen mekanikoa.
19:30 Arratsaldeko dantzaldi saioa 3ttu taldearekin.
22:30 XX. Zaldi dema: Hernaniko Inaxio Zerain eta Zumaiako 'Etxetxo'.
Jarraian dantzaldia 3ttu taldearekin.
Ondoren platano dantza lehiaketa xelebrea.