Gipuzkoako enpresek egonkortasuna aurreikusten dute, Gipuzkoako Ganberak egindako ikerketaren arabera

Kronika - Erredakzioa 2025ko uzt. 4a, 00:00

Ekainaren 20an datuak elkarbanatu zituen Gipuzkoako Ganberak.

Era berean, Gipuzkoako Ganberak ondorioztatu du datu positiboak izan direla salmentei eta esportazioari dagokionez. Horrez gain, enplegua %0,7 hazi dela ere jakinarazi du, urteko lehen hilabeteetan. 

Gipuzkoako Ganberak ekainaren 20an aurkeztu zuen ikuspegi ekonomikoei buruz lau hilabetean behin egiten dituen inkestaren emaitzak, eta dagoeneko iragarri ditu Camara Gipuzkoak. Egindako inketsa hau industria, eraikuntza, zerbitzu eta tokiko merkataritza sektoreetako 500 enpresak baino gehiagok emandako erantzunetan oinarritua egin da. 

Ikerketaren arabera, aurreneko lauhilekoan, lurraldeko salmentak %3,4 gehitu ziren. Sektoreka, zerbitzuak (%4,2), industria (%3,1) eta eraikuntza (%0,7) nabarmendu ziren. Esportazioetan, berriz,  %4,7ko igoera nabarmena izan dutela azaldu du Gipuzkoako Ganberak, lehen hiruhilekoan, «nahiz eta aldeak egon destinoaren arabera: Europarako salmentak %3,1 jaitsi ziren bitartean, Estatu Batuetara zuzendutakoak %18 igo ziren eta Asiara zuzendutakoak %38». Beraz, Ganberak ondorioztatu du, datu positiboak izan direla salmentei eta esportazioari dagokienez. 

Enpleguan «hobekuntza txikia eta konfiantza-giroa» izan dela ziurtatu du Ganberak, ikertutakoaren arabera. Izan ere, Enplegua %0,7 hazi zen urteko lehen hilabeteetan, eta lan-merkatuan suspertzeko joera islatzen du. Oro har, Gipuzkoako enpresek «konfiantza eta egonkortasun giroa» dute, eta aurreikuspen nahiko baikorrak dituzte urte osorako, jarduerari, inbertsioari, esportazioei eta enpleguari dagokienez.

 

Erronka iraunkorrak enpresentzat 

Enpresek adierazitako erronka nagusien artean, Ganbarak ondorengoak nabarmendu ditu: lan-kostuak handitzea, marjinak murriztea, eskaeraren dezelerazioa, talentu kualifikatua erakartzeko zailtasuna eta erregulazio- eta burokrazia-karga handiegia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!