Prest al duzue dagoeneko zapi gorria? Baiezkoa emango dute seguruenik Martindegiko auzotarrek, izan ere, gaur hasiko dira Martindegiko San Ferminak eta astelehenera bitartean, musika, kirola, gastronomia eta festa izango dira auzoko protagonistak. Eguerdiko 12:00etan botako dute txupina, eta eztanda entzun bezain pronto, zapi gorria lepora!
Txupinazoari segida emango diote haur jolasek eta buruhaundiek, eta arratsaldea, Andoni 'Desorekatua' magoak, sekulako ikuskizuna eskainiko die gaztetxoei. Haurrak ez ezik, helduentzako ekintzak ere izango dira gaur arratsaldean; tartean herri kirolak eta sagardo dastaketa. Herri kirolak, 4 emakume aizkolari ariko dira beraien arteko deman: Malen Barrenetxea auzotarra Nerea Arrutirekin batera ariko da; eta Laiene Pikabea, aldiz, Irati Astondoarekin. Eta urtero moduan, sagardo dastaketa ere izango da, arratsaldeko 20:00etan hasita, eta ondorengoak izango dira dastatzeko sagardoak: Zelaia, Oialumezar, Oiarbide, Etxeberria, Larrarte, Gurutzeta, Petritegi, Larre Gain, Iretza, Artola, Akarregi, Indioene, Bereziartua eta Mendizabal. Gauean, Itzal taldeak emango dio jarraipena festari.
Bihar goizean, urteroko ohiturari eutsiko diete 'Mobidarekin'. Auzoko etxeetara, bisitak egin eta mokadutxoa jan ostean, eguerdiko 13:00ak aldera, goiko aristian oroigarri «xume bat» egingo diete, «gure artean ez daudenentzat». Horrez gain, Tturko familia ere eskertuko dute, «eman diguten harreragatik». Eguerdian auzoko bazkari baten bueltan bilduko dira denak, eta arratsaldean, aparrak hartuko du Martindegi. Segidan, zezen mekanikoan ibiltzeko aukera ere izango dute auzoko txikiek. Gauean, musikak jarraipena izango du eta ordu txikitan, platanoak aterako dituzte, dantzaren haria ez galtzeko.
Etzi, goizean goiz esnatuko du auzoa Astigarragako Txirriskla taldeak, dianarekin auzoko zirrikitu guztiak zeharkatuko baititu. Eguerdiko 12:30etan, berriz, euskal festari emango zaio hasiera. Aizkoran jardungo dute Iker Vicentek eta Eneko Saralegik; eta Ibai Soroak eta Hodei Ezpeletak (Bihurri). Harria jasotzen, berriz, Paulo Azpiazu eta Ainitze Zumeta ariko dira. Eta kirolariei mugimendua eta erritmoa ematen, bertsotan izango dira Amets Arzallus eta Andoni Rekondo. Bertso saioaren bigarren zatian, Mailen Arzallus ere arituko da, eta eguna bukatu dute auzoko kalejirarekin.
Jaien amaiera ofiziala astelehenean izango da, auzoko hildakoen aldeko mezarekin eta hamaiketako eder baten bueltan bilduko dira denak, festetan zeinen ondo pasa duten gogoratuz!
OIALUMEKO SAN FERMINAKHERNANI - ASTIGARRAGA GAUR 12:00 Festei hasiera emateko auzoan zehar kalejira. 12:30 Haur jolasak eta buruhaundiak. 17:00 Andoni Magoaren 'Desorekatua' ikuskizuna. 17:30 LIV. Tiro karabina lehiaketa. 18:00 Puzgarriak. 19:00 Dastatzeko tortilak jasotzea. Tortila goxoenaren emaitza Akelenea jatetxeak emango du. 19:00 Herri kirolak. 4 emakume aizkolari beraien arteko deman: Malen Barrenetxea, Nerea Arruti, Irati Astondoa eta Laiene Pikabea. 20:00 Sagardo dastaketa eta pintxoak, ondorengo sagardotegiekin: Zelaia, Oialume Zar, Oiarbide, Etxeberria, Larrarte, Gurutzeta, Petritegi, Larre Gain, Iretza, Artola, Akarregi, Indioene, Bereziartua eta Mendizabal. 23:00 Erromeria Itzal taldearekin. BIHAR 10:30 Auzoko etxeetara urteroko bisita trikitilarien laguntzaz: 'Mobida'. 13:00 Goiko aristian oroigarri xume bat 'gure artean ez daudenentzat'. Tturko familiari eskertza, ematen diguten harreragatik. 14:30 Auzo bazkaria. 18:00 Apar festa Laket Tabernak antolatua eta zezen mekanikoa. 19:30 Arratsaldeko dantzaldi saioa 3ttu taldearekin. 22:30 XX. Zaldi dema: Hernaniko Inaxio Zerain eta Zumaiako 'Etxetxo'. Jarraian dantzaldia 3ttu taldearekin. Ondoren platano dantza lehiaketa xelebrea. ETZI Goizean goiz diana Astigarragako Txirriskla txistularien eskutik. 12:30 Euskal festa. 13:00 Bertsolarien saioa: Amets Arzallus eta Andoni Rekondo. 17:30 Toka txapelketa nagusia. Gurutzeta sukaldeak antolatuta. 17:30 Puzgarriak. 18:00 Bertsolarien bigarren saioa: Amets Arzallus, Andoni Rekondo eta Maddalen Arzallus. 19:30 Erromeria Izer eta Alabier trikitilariekin. Ondoren kalejira auzoan zehar. UZTAILAK 7 11:00 Auzoko hildakoen alde meza. Ondoren hamaiketakoa, Oialume tabernaren eskutik. |