Xake protagonista izan da ekainean zehar hainbat txapelketekin. Ekainaren 20an eta 22an Gerardo Plaza Xake Topaketa jokatu zen giro bikainean. Helduen txapelketak itxi zuen topaketa Plaza Berrin eta bertan, Aritz Abaliak lortu zuen garaipena, finalean Iñigo Argandoña garaitu eta gero.
Partida azkarrak jokatu ziren, hiru minutukoak eta 20 xakelarik hartu zuten parte, hamarreko bi taldetan banatuta. Lehenengo taldean Iñigo Argandoña eta Andoni Segovia sailkatu ziren finalerdietara eta Aritz Abalia eta Luis Olaizola, bigarren taldetik. Iñigo ArgandoñakAndoni Segovia kanporatu zuen finalerdian eta Aritz Abaliak, Luis Olaizola. Maila haundiko xakelariak denak ere, finalean Abalia nagusitu zen.
Ekainaren 20an, Haurren Xake txapelketa izan zen Biterin eta bertan hamaika haurrek jokatu zituzten partidak. Iosu Used astigartarrak lortu zuen garaipena, finalean Asier Ezkai hernaniarra gainditu eta gero. Finalerdietan Hugo eta Aian Rodriguez gainditu zituzten, hurrenez hurren. Hugo Lanz, Asier Eizagirre, Brian Rosa, Ekain Ruiz, Julen Brea, Mikel Segovia eta Alex Iglesias izan ziren beste zazpi partehartzaileak.
Ekai Legorburu eta Asier Ezkai, bikain Euskadiko eskolartekoan
Bestetik, bikain borobildu zuten Ekai Legorburuk zein Asier Ezkaik xake denboraldia Gasteizen jokatu zen Euskadiko eskolarteko finaletan. Bakarkakoetan, alebin mailako Gipuzkoako selekzioa ordezkatu zuten bi hernaniarrek Mendizorrotza kiroldegian eta oso paper ona egin zuten, Krystyna Yatseiko jatorri ukraniarreko arabarraren eta Durangoko Ekain Bengoetxea bizkaitarraren atzetik.
Legorburuk podiuma egitea lortu zuen bigarren sailkatuarekin 3,5 puntutara berdintzean baina Euskadiko selekzioa ordezkatzeko txartela mutiletan Bengoetxeak lortu zuen, ordenagailuak desenpatea berari eman ziolako arerioen maila dela eta. Nesketan, Yatseikok ordezkatuko du Euskadi uztailean Almeriako lurretan, berak irabazi zuelako txapelketa 4,5 punturekin. Orotara, bost partida luze eta neketsu jokatu behar izan zituen xakelari bakoitzak bi egunetan zehar, eta partida batzuk bi ordutara ere iritsi ziren.
Taldeka ere parte hartu zuten Gros Xake Taldearekin eta bigarren postuan amaitu zuten Arabako Martintxo taldearen atzetik.