Errenteriako Agustina Otaola frontoian, gaur 19:00etatik aurrera, Astigarraga Herriarteko txapelketa irabazten saiatuko da bigarren aldiz, gomazko paletaz. Orain bi urte lortu zuten lehenengo garaipena eta pasa den urtean finala Donostiaren aurka galdu eta gero, txapela berreskuratu nahi dute astigartarrek Andoainen kontra.
Gomazko paletaz banaka, binaka eta banaka zazpi barruan lehiatuko dira bi taldeak bi punturen bila. Axier Luluagak jokatu du seguruenik banaka eta ondoren Xabier Salaberria eta Beñat Zubiarrainen txanda etorriko da binaka. Ganix Urdangarin banaka zazpi barruan aritu da txapelketa guztian zehar. Aurkari gogorra izango da Andoain, orain arte txapelketa bikaina burutu baitu eta talde sendoa osatzen dute. Banaka Lopez de Muniain aritu da txapelketan, binaka Alkorta eta Belauntzaranek jokatuko dute ziur asko eta zazpi barruan Loidi izango da Urdangarinen aurkaria. Orain bi urte Mutrikuren aurka lortutako txapelaren gozotasuna dastatu nahi dute astigartarrek. Zaleen animoak ez dira faltako.
Hernanik bihar, eskuz finala
13 urteko itxaronaldiaren ondoren, eskuzko Herriarteko Txapelketaren finalean izango da Hernani, berriro ere, bihar 10:30etatik aurrera Donostiako Atano III.aren frontoian. ETB1ek zuzenean eskainiko du Oiartzunen aurkako final haundia.
Oiartzun azken urteetako menderatzailea izan da. Laugarren txapela nahi du erreskadan, 2022an, 2023an eta 2024an irabazi eta gero. 2021ean azpitxapeldun izan zen eta guztira lau txapela ditu palmaresean, 2013an ere irabazi baitzuen.
Hernanik txapela bat gehiago du, bost guztira, baina azken finala eta txapela 2012an lortu zituen. Oiartzunek hartu zion erreleboa 2013an eta orain hernaniarrek hartu nahi dute errelebo hori bere seigarren txapela lortuz. Aurreko txapelak 2000n, 2002an, 2005ean, 2011n eta aipaturiko 2012an lortu zituen. Azpitxapeldun ere izan da 1973an, 1999an, 2003an, 2004an, 2009an eta 2010ean. Astigarragak 2019an lortu zuen txapela.