13 urteko itxaronaldiaren ondoren, eskuzko Herriarteko Txapelketaren finalean izango da Hernani, berriro ere. Joanekoaren antzeko itxura hartu zuen semifinalen bueltakoak, eta nagusitasunez lortu zuten finalerako txartela, Beasain menderatuta: kadete eta jubenil mailako partiduak irabazi zituzten etxekoek, Hernaniko kiroldegiko frontoian, harmailak lepo beteta zeudela.
Itxura paregabea zeukan frontoiak, eta bete-betekoa izan zen festa giroa bertan. Berehala bideratu zituzten kontuak, pelotari gazteenek. 22-11 irabazi zuten kadete mailako partidua Lier Zugastik eta Oier Arsuagak, eta joanekoan lortutako abantailari batuta (2-1 eta 16 tanto alde), matematika kontuak sartu ziten jokoan: Hernanik nahikoa zuen beste 18 tanto egitea denera, falta ziren bi partiduetan.
Berdinduta hasi zen lehia jubenil mailakoan, baina erdialdetik aurrera beste martxa bat sartu zuten Ekhi Osesek eta Oier Azpeitiak, eta 22-13 nagusitu ziren azkenean, lau tanto lehenago finalerako txartela matematikoki ziurtatu ondoren. Dena erabakita zegoela, beasaindarrak nagusi izan ziren seniorretan, eta porrota jaso zuten Xabi Apaolazak eta Josu Altunak (5-22). Porrot gozoa, edonola ere.
Gauzak horrela, Oiartzunen kontra jokatuko du Herriartekoaren finala Hernanik, datorren larunbatean, goizeko 10:30etan Donostiako Atano III frontoian.
Astigarragako palistek finala Errenterian, ostiralean
Egun bat lehenago jokatuko du Herriartekoaren finala Astigarragak, gomazko paletaz. Errenterian daukate hitzordu seinalatua, ostiral iluntzean, 20:00etan Agustina Otaola frontoian. Andoain dute kontrario astigartarrek, duela bi urte lortutako txapela errepikatzeko. Hirugarren finala dute segidan.