25 urte bete ditu Kronikak

Kronika - Erredakzioa 2025ko eka. 23a, 10:07

Ale berezia prestatu dugu gaurko, Kronikaren 25garren urteurrena ospatzeko. Papereko formatuan irakurtzeak merezi du, eta hementxe daukazue eskuragarri.

Marka da gero, ze xelebrekeria gordetzen dituen hitzaren ‘jolas’ honek. 25 urtetan idatzi dugu kirolaz, kulturaz, politikaz, festez, ezbeharrez eta berri pozgarriez. Idatzi dugu estetikaz, etxebizitzak berritu eta hornitzeaz, ingurumen jasangarritasunaz, ezkontzen antolaketaz, ongizate fisikoaz eta mentalaz… Eta orain, guri buruz hitz egitea dagokigunean, zer idatzi ez dakigula geratu behar al dugu ba?

Gaur beteko ditu Kronikak 25 urte. Nork esan behar zigun, 2000 urteko San Joan bezpera hartan, aurreneko ‘orri’ hura esku batean eta argazki kamera bestean. Milaka irudi, milioika albiste, eta horien atzean zenbaezinak diren bizipenak. Egunkari soil bat baino gehiago izan delako Kronika. Norbera saiatu dadila definitzen zer.

Baina hitzak topatzen kostata ere, 25 urteko ibilbide honek merezi zuen omenaldi xume bat, etxe barrutik. Eta horretan saiatu gara ondorengo orrialdeetan. Bildu dugu Kronikaren garapena, aurreneko ale berezi hartatik gaur egunera arte. Jaso ditugu herritarren iritziak, lantaldetik nabarmen harago doalako Kronikaren jarduna: herritarrekin batera sortu dugu Kronika bana egunero-egunero.

Sorkuntza horren laginak ere topatuko dituzue ale honetan: urte hauetan kontatu ditugun albiste potoloenak, umoreari eta izaera jolastiari askatasuna emanez egindako bihurrikeriak, edota gure komikilari taldeak 20 urtez Kronikaren kontrazalari jarri dion txispari aitortza. Eta aurpegia jarri nahi izan diogu (umoreari tiraka hori ere), Kronikan aritutako langile sorta ederrari. Ahaztuko genuen zerbait eta ahaztuko genuen norbait; beraz, gaizki eginak barkatu eta ondo eginak gogoratu.

‘Txupinazoaren ordua behintzat ondo jarri!’, pentsatuko zuen batek baino gehiagok.

Ia Kronika bezain zaharra da txiste erraza… Ba ohartuko zineten ordurik ere ez dugula jarri portadan badaezpada, aurreneko ale hartan jarri ez zuten bezalaxe. Bazekiten zerbait hiru haiek... Baina bai, hutsik egin gabe eta puntual azalduko gara egungo lantaldeko kideak Hernaniko udaletxeko balkoira, San Joan jaiei hasiera ematera, Kronikaren ibilbidearen parte izan diren langile, kolaboratzaile, herritar,
elkarte, talde, komertzio, enpresa eta udalen izenean.

Segi dezagun beste 25 urtean elkarrekin bidea urratzen.

Kronika izateaz harro gaudelako.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!