Hernanik Astigarragaren bidea jarraitu nahi du eta finalera sailkatu

Kronika - Erredakzioa 2025ko eka. 21a, 00:00

Hernanik bihar jokatuko du semifinaletako bueltakoa, kiroldegian.

Astigartarrek ostegunean eskuratu zuten palaz finalerako sailkapena, eta Hernanik bihar lortu nahi du txartela eskuzko lehian, 16:45etan kiroldegian.

Herriarteko Txapelketaren final­ean ariko dira Astigarragako palistak, aurten ere. Pasa den ostegunean jokatu zuten itzulerakoa Txomiñenen, Aiaren aurka, eta joaneko markagailua errepikatu zuten. Astigarragak 2-1 lortu zuen garaipena, eta guztira 4-2ko emaitzarekin kanporatu zituen aiarrak. Pasa den urtean ere, Astigarragak Aia kanporatu zuen finalerdietan.

Astigarragak lehenengo partidua galdu zuen joanekoan, baina itzulerakoan erabakita utzi zuen kanporaketa banakako partidu horretan. 20-17 irabazi zuen Axier Luluagak Aldalurren aurka, eta joan den asteko arantza atera zuen. Binakakoan, berriz, Aiak 16-20 irabazi zuen, baina nahiz eta galdu, matematikoki finalera sailkatu zen Astigarraga, tanteoagatik. Gainera, zazpi barruan garaipena lortu zuen Ganix Urdangarinek (20-12), 4-2koa jartzeko. 

Finala ekainaren 29ko asteburuan jokatuko da, eta Andoain izango du aurkari Astigarragak. Hirugarren finala jarraian jokatuko dute astigartarrek: 2023an txapela jantzi zuten, eta pasa den urtean Donostiaren aurka galdu zuten finala.

Eskuzko finalerako txartelaren bila bihar, Hernani

Herriartekoaren finalean izan nahi du Hernanik ere, baina eskuzko lehian. Bihar jokatuko ditu semifinaletako itzulerako partiduak, Hernaniko kiroldegiko frontoian, 16:45etan hasita. Joanekoan abantaila polita eskuratu zuten Beasainen: hiru partidutik bitan lortu zuten garaipena, eta tanteoa ere alde dute hernaniarrek. 

Kadete mailan, Oier Arsuagak eta Lier Zugastik 22-8 irabazi zuten Beasaingo Goikoetxea anaien aurka; jubeniletan are errenta haundiagoa eskuratu zuten Oier Azpeitiak eta Ekhi Osesek, 22-3 irabazita; eta seniorretan aldatu egin zen gidoia, Xabi Apaolazak eta Markel Lizeagak 5-22 galdu baitzuten Azketaren eta Garmendiaren aurka.

Markagailu hauekin, garaipen bat gehiago izateaz gain, 16 tantoko errenta du Hernanik, baina ezin fidatu, Beasain oso talde sendoa baita. Irabaziz gero, finalean Oiartzun edo Zestoa izango dute aurkari.

Ekainaren 25eko jaialdirako sarrerak, salgai frontoian

Bestalde, ekainaren 25ean puntako pelota jaialdi profesionala izango da kiroldegiko frontoian, eta sarrerak eskuratzeko aukera izango da bihar, frontoian bertan, 30 euroan: 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!