Iritsi dira egun eguzkitsuak eta beroa, eta oraindik udan sartu ez garen arren, martxan da erreka inguruko aisialdi garaia, Urumea bailaran. Ugaldetxoko eremua, esaterako, ekainaren 28an irekiko dute, eta irailaren 21era bitarte egongo da zabalik. Irailera bitarte, egunero izango da gune horretan erreka bazterraz gozatzeko aukera, eguerdiko 12:00etatik iluntzeko 20:00etara. Irailean, berriz, astelehenetik ostiralera arratsaldez egongo da zabalik, 16:00etatik 20:00etara; eta asteburuetan bai, 12:00etatik 20:00etara.
Autoz joan nahi duenak, hori bai, erreserba egin beharko du aldez aurretik, www.hernani.eus webgunearen bitartez. Gehienez ere, 72 orduko aurrerapenarekin egin ahal izango dira erreserbak, eta ekainaren 25ean aktibatuko dute horretarako aplikazioa. 40 autorentzat dago tokia Ugaldetxoko eremuko aparkalekuan, baina oinez, bizikletaz edo garraio publikoz doazenek ez dute izango sartzeko mugarik.
«Portaera egokiak oso xinpleak dira»
Ugaldetxon ez ezik, Urumea bailara osoan barrena daude txoko ederrak errekako aisialdiaz gozatzeko. Baina horietan guztietan, «portaera arduratsua» izatea eskatu diete bisitariei, Aranoko, Ereñotzuko, Goizuetako eta Hernaniko udalek.
«Eremu natural hau aisialdi eremu garrantzitsu bihurtzen da uda garaian bereziki, baina bertan ikusten diren jokabideak ez dira egokienak izaten batzuetan. Lau herriok argi daukagu bisitariak ongietorriak direla bailaran eta erreka ertzetan, betiere gure ingurua eta natura errespetatu eta zaintzen den bitartean», nabarmendu dute.
Horregatik, «mezu argia» zabaldu nahi izan dute: «Erabili Urumea ibaia, natura errespetatuz. Badakigu aisialdi eredua aldatu egin dela pandemiaz geroztik, baina horrek ezin du naturan kalterik eragin». Zentzu horretan, nabarmendu dute «oso xinpleak» direla portaera egokiak: «Bertakoak eta gainontzeko bisitariak errespetatu; Urumea ibaiko biodibertsitatea zaindu; ez dadila nabaritu bertan izan zarenik (surik ez egin, sortutako hondakinak eraman eta ez akanpatu); utzi lasai animaliak eta zaindu landareak; eta ondare kulturalarekin arduratsua izan».
Horiek sustatzeko, sentsibilizazio kanpaina prestatu dute: ekainaren 28tik 21era, hiru hezitzaile arituko dira Urumea ibaiaren inguruan dauden bisitariei portaera egokien inguruko informazioa ematen. Jokaera egokiak eta arauak jasotzen dituen eskuorria banatuko dute, eta eskuorriak badu berezitasunik: kotoizkoa izango da, eta haziak edukiko ditu, etxera eraman eta landatzeko aukera emanez.
Hondakinekin lotuta, jakinarazi dute ez dutela edukiontzirik jarriko Fagollagan eta Ugaldetxon, «maiz zabortegi bihurtzen zirelako»; eta bakoitzak berarekin eraman beharko dituela sortutako hondakinak.