Hernaniko eta Astigarragako igerilariek emaitza aipagarriak lortu dituzte azken egunetan hainbat txapelketetan. Garrantzitsuenetik abiatuta, Enaitz Goñi eta Olatz Altuna Espainiako Txapelketa absolutuan aritu dira Palma Mallorcan, aurreko astean. Enaitz Goñik 20. eta 22. amaitu zuen 400 eta 200 metro librean bere markarik onenak lortuz, 4.06:69 eta 1.53:69, hurrenez hurren. Olatz Altuna 35garrena izan zen 50 metro librean (27:25).
Gipuzkoako txapelketan zazpi domina, Santxok eta Zalduak
Bestetik, Tolosan, Gipuzkoako Infantil eta Adinekoen txapelketa jokatu zen pasa den asteburuan, eta hernaniar igerilari ugarik hartu zuten parte. Gainera zazpi domina lortu zituzten Jurdan Zalduak eta Uxue Santxok. Santxo Gipuzkoako txapeldun izan zen 50, 100 eta 200 bular estiloan, infantiletan, 35:67 1.18:41 eta 3.00:06 denborekin. Zalduak zilarrak lortu zituen 50 tximeletan (28:98), 50 (26:93), 100 (57:56) eta 200 librean (2.05:74). Bertan izan ziren baita Lur Elkoro, Eñaut Zabalegi, Bidane Querejeta, Oihan Lizeaga, Maren Goñi, Hegoi Lazkoz, Uxune Otaño, Amaiur Iparragirre eta Maren Otamendi.
Eibarren eta Lasarte-Orian, sariak
Aurretik, Gipuzkoan zehar sari ezberdinak jokatu ziren. Eibarreko San Joan sarian Hernani K.E.ko 12 igerilarik hartu zuten parte, eta uzta ederra jaso zuten. Uxue Santxo bigarren izan zen 200 estiloetan, infantiletan, eta erreleboan ere zilarra eskuratu zuten Santxok, Jurdan Zalduak, Lur Elkorok eta Eñaut Zabalegik. Lasarte-Oriako sarian taldeko 30 igerilarik hartu zuten parte, zilarra eskuratuz Uxue Santxok infantiletan eta master kategorian Itziar Gonzalezek.
Eta denboraldia amaitzear dagoenez, Txantxangorrin bildu ziren taldekoak bazkarirako. 40 bat lagun elkartu ziren, denak igerilari, entrenatzaile eta zuzendaritzako kideak.